Mondragon Korporazioak bultzatutako kooperatiben arteko elkartrukearen baitan, Tiempo Argentino hedabidearen ordezkari gisa etorri da Malena Winer Euskal Herrira. Bidaia dela eta, tokiko hainbat hedabideren lana ezagutzeko tartea ere hartu du. Gaur, Goienan izan da, eta, Iban Arantzabal zuzendari nagusiaren eskutik, barrutik ezagutzeko aukera izan du.
Tiempo Argentino 2015ean sortu zen, kooperatibismoaren eta enpresa berreskuratuen tradiziotik abiatuta. Hamar urteko ibilbidean, izaera "orokor eta federala" mantendu nahi izan dute; hau da, Argentina osoa hartzen dute, baina euren agenda editorial propioarekin. Giza eskubideak, ingurumena, genero ikuspegiko gaiak eta hezkuntza dira, besteak beste, hedabidearen ardatzetako batzuk.
Buenos Aires hiriburuan dute egoitza, baina Argentinaren tamaina dela eta, beste hedabide autogestionatuekin ere aliantzak dituzte. "Patagonian, esaterako, bertan bizi den kolaboratzaile baten bidez ari gara hango suteen berri ematen", azaldu du. Hedabideak bi euskarri nagusi ditu: webgunea, –egunero eguneratzen dena–, eta igandeetako paperezko edizioa, analisi eta sakontasuneko edukiei eskainia.