Kontseiluak "oldarraldi judizialak koska bat gora" egin duela salatu du

Mireia Bikuña Madrid

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretua bere osotasunean baliogabetu du. Kontseiluak oso larritzat jo du erabakia, eta hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen "arkitektura juridiko berria" eskatu du.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko
Eusko Jaurlaritzaren dekretua bere osotasunean baliogabetu du. "Oraingo honetan, auzitegiak men egin dio VOX alderdi ultraeskuindarraren eskariari, agerian utziz mundu mailako olatu erreakzionarioak aldaera linguistikoa ere baduela gurean. Epaiak ez ditu helegitearen argudio guztiak ontzat eman eta ez du administrazioan euskararen erabilera arautzen duten edukien legez kontrakotasunik ebatzi. Hala eta guztiz ere, eduki horiek guztiak indargabetu ditu, kasu honetan memoria ekonomikoaren balizko gabeziak argudiatuta. Gainera, halakoetan ohikoa den alegazio berezituen prozedura ez da errespetatu", adierazi dute.

Kontseiluak oso "larritzat" jo du erabakia eta euskararen aurkako oldarraldi judizialak koska bat gora egin duela salatu du. "Dagoeneko ehundik gora sententziek oztopatu dute euskararen normalizazioaren aurrerabidea, besteak beste, lan-deialdi publikoetako hizkuntza-eskakizunak edota hainbat legeren artikuluak baliogabetuz. Oraingoan, ordea, jauzi kualitatiboa gertatu da: lehen aldiz epaitegi batek euskararen erabileraren gaineko arau oso bat baliogabetu du", gaineratu du.

"Aurrekaririk gabeko dimentsioa"

Kontseiluaren hitzetan, "erabakiak aurrekaririk gabeko dimentsioa du, sektore publiko
osoko hizkuntza-politikari, 140.000 langileri eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza-
eskubideei eragiten dielako. Horregatik, Kontseiluak berretsi du ezinbestekoa dela
oldarraldiari aurre egiteaz gain, euskararen normalizazioari eta hizkuntza-eskubideei
benetako bermea eskainiko dien arkitektura juridiko berria eraikitzea".

Euskararen Kontseiluak azpimarratu du "erronka" ez dela juridikoa bakarrik. "Euskara larrialditik ateratzeko Pizkunde berri bat beharrezkoa da, euskararen ezagutza eta erabilera gizartearen esparru guztietara eramango dituena. Administrazioa euskalduntzea ez da nahikoa izango euskararen etorkizuna bermatzeko, baina administrazioan ere ezin badugu, nekez egingo dugu jauzia gainerako eremuetan. Horregatik, atzerapauso bakoitzaren aurrean posizioak defendatzetik harago, garaia da euskararen normalizazioan jauzi berri bat egiteko baldintza sozialak, politikoak eta juridikoak eraikitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak