Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, ikerketa-taldeak sortuko dituzte Mondragon Unibertsitateko ikertzaileekin eta enpresako profesionalekin, "unibertsitatean sortutako ezagutza industriaren benetako beharretara hurbiltzeko eta teknologia-transferentzia bizkortzeko", azaldu dutenez.
Programak enpresaren berrikuntza-esparru nagusiei lotutako hainbat arlo jorratuko ditu: fluidoen eroapena eta bero-transmisioa; elektromagnetismoa; potentzia- eta kontrol-elektronika; softwarea eta algoritmia, ikaste automatikoa edo machine learninga barne; sistema mekanikoak; industria-antolamendua; zibersegurtasuna, eta jasangarritasuna.
Lehen lau hilabeteetan, bi erakundeek lau urterako bide-orri teknologikoa zehaztuko dute, "garatu beharreko ikerketa-ildoak eta teknologiak lehenesteko", eta urtero berrikustea adostu dute, "enpresaren eta ingurune industrialaren beharren bilakaerara egokitzeko".
Prestakuntza, "osagai nabarmena"
Prestakuntza ere "osagai nabarmena" izango dela adierazi dute. Izan ere, bi erakundeek ikertzaile, doktoregai eta ikasleen parte-hartzea sustatuko dute proiektuetan, baita programako ikerketa-eremuei lotutako doktorego-tesien, gradu- eta master-amaierako lanen eta praktika akademikoen garapena ere. Azkenik, nabarmendu dute ikerketa aplikatuaren, ezagutza-transferentziaren eta talentuaren prestakuntzaren aldeko apustua indartu dutela.