Puntu banarekin hasi dute denboraldia Mondrak eta Bergarak, Mojategin jokatutako derbian bana berdindu eta gero. Derbiak beti derbi esan ohi da, eta gaurko partidan ere errepika zitekeen esaera hori. Gauza gutxi gertatu da lehenengo zatian. Bi taldeek parean jarri dituzte indarrak eta jokoa nahiko trabatua izan da. Mondrako aurrelari Iker Perezek izan du lehenengo zatiko aukera garbiena: Markel Perezek emandako pase batek atezainaren aurrean utzi du arrasatearra, baina jaurtiketa zutoinera joan da.
Atsenalditik itzuli eta denbora gutxira, Bittor Urteagari egindako penalti bat sareetara bidali du Mondrako kapitain Iñigo Arizmendiarrietak. Hala ere, poztasunak gutxi iraun du Mojategin, Aner Arriolak lau minutu geroago berdindu baitu neurketa area barruan egindako erremate batekin. Hortik aurrera, Mondrak kontrolatu du partidaren erritmoa, eta izan ditu berdinketa hausteko hainbat aukera. Bergara, bitartean, etxekoen hutsegiteak eta kontraerasoan antolatutako jokaldiak baliatzen saiatu da bigarren gola egiteko, baina partida 1-1 bukatu da.
Aloña Mendik galdu
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako talde gogorrenetako baten aurka jokatu du Aloña Mendik asteburuan: Anaitasuna. Unai Garairen taldeak 4-1 galdu zuen partidua zapatuan. Lehenengo zatian hamar minutuan hiru gol egin zizkieten azkoitiarrek txantxikuarrei, eta bigarren zatian oñatiarrek suspertzea lortu bazuten ere, ez zen nahikoa izan. Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailari dagokionez, Debagoiena Bailarak datorren asteburuan jokatuko du lehenengo jardunaldia, Oriokoren aurka.