Maukak eskuratzeko hirugarren eta azken eguna gaur, Arrasaten eta Bergaran

Goiatz Arana Begiristain

Ibai-Arte eta Bedelkar elkarteen eskutik, Arrasateko eta Bergarako komertzioek kalera atera dute udaberri-udako generoa, gaur ere. Merkealdi azokek lehen bi egunetan emandakoarekin, pozik azaldu dira merkatariak.

Neurriko eguraldiak lagunduta, jende mugimendu polita izan zen atzo arratsaldean Arrasateko kaleetan, merkatariek komertzioen kanpoaldera aterako produktuak begiratu eta, aukera onen bat topatuz gero, erosi asmoz.

Hiru eguneko merkealdi azokaren bigarren eguna zen atzokoa eta merkatariak gustura zeuden ordura arte izandako harrerarekin. "Arratsalde partean dabil jendea gehienbat, eta animatuta, erosteko gogoz, baita gizonezkoak ere; izan ere, kosta egiten zaie dendan sartzea, normalean, eta produktuak kalera ateraz gero, errazago gerturatzen dira zer dagoen begiratzera. Gainera, genero dexente dago, oraindik, nahiz eta aurten egin duen beroarekin, tirantedun kamisetarik edota galtza motzik ez den geratu ia merkealdi azokarako", adierazi dute Loramendi Kirolak dendakoek. 

Pozik eta ildo beretik hitz egin dute alboko Ume jantzi dendakoek ere: "Aurtengo udan sandaliak gehiago saldu ditugu zapatilak baino, eta arropa freskoa, batez ere. Geratu dira, ordea, gabardinak eta halakoak, eta horiek aukera ona dira orain, udazkenerako oso ondo datoz-eta. Jendea badabil begira, eta ondo goaz". Eta, hain justu ere, eurenean begira zebilen herritar batek, aukeran, datozen hilabeteetan erabiltzeko moduko zerbait erosiko zuela zioen: "Udako arropa jasotzen hasiko gara, laster, eta nahiago dut, beraz, erostekotan, udazken-negurako moduko zerbait erosi. Banabil begira, ea pagotxen bat topatzen dudan; aurkitzen dut, normalean. Gustatzen zait merkealdi azoketan buelta bat ematea, eta animatzen ditut komertzioak halakoak egiten jarraitzera".

Bergaran, festa usainean

Arratsalde erditik aurrera, dendetarako baino festarako zegoen jendea gehiago, Bergaran. Edozein kasutan, bertan ere, dendariek atera zituzten euren produktuak kalera, eta herritar batzuk aprobetxatu zuten aukera begiratu bat emateko. Zubikua jantzi-dendan zioten gaur egun nahiko ohikoa dela generoa dendaren aurrealdera ateratzea, eta, egunotan ere, merkealdi azoka izanik, ezin zutela hutsik egin: "Askotan izaten dugu generoa atarian, eta horrek beti laguntzen du. Egunotan, gure kasuan, goizez jende gehiago ibili da arratsaldez baino. Baina uda-udako gauza askorik ez da geratzen aurten: gonak, soinekoak, tirantedun kamisetak... asko eta inoiz baino lehenago saldu dira. Honek horrela jarraitzen badu, datorren urtean halakoetatik gehiago ekarri beharko dugu".

Herri bietan, eguenean eman zieten hasiera merkealdi azokei. Gaurko egunarekin emango diete itxiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak