Ategiren 25. urteurrenean, interkooperazioa aldarrikatu dute "etorkizuneko lehiakortasuna eraikitzeko"

Larraitz Zeberio Lekuona

Ategiren 25. urteurreneko ekitaldia.

Jatorritik etorkizunera lelopean gaur Donostian egindako ekitaldia-jardunaldiak balio izan du orain arte eraikitakoa ospatzeko ez ezik, datozen urteetan elkartasunean eraiki beharko denaren inguruan hausnarketa egiteko.

Mondragon Korporazioko 300 enpresak eta enpresa-taldek baino gehiagok osatzen dute Ategi lankidetza proiektua. Bertan zentralizatzen dute erosketen kudeaketa, kostuak murrizteko eta enpresa arloko eraginkortasuna eta errentagarritasuna areagotzeko.

Bada, gaur ospatu dute erakundearen 25. urteurreneko ekitaldia, Donostiako Tabakaleran, Jatorritik etorkizunera lelopean. Bertan izan dira, besteak beste, Ategiko zuzendari nagusi Amaia Ramos eta Mondragon Taldeko kontseilu orokorreko presidente Pello Rodriguez, besteak beste.

Mundu osoko 180 ordezkari

Mundu osoko 180 ordezkari elkartu dira jardunaldian eta energia, geopolitika, hornidura-kateen eraldaketa eta adimen artifiziala izan dituzte ardatz. Hain zuzen ere, interkooperazioa eta gaitasun partekatuen eraikuntza aldarrikatu dituzte gero eta konplexuagoa den enpresa-ingurunean aurre egiteko. "Agian, prest egotea ez da zer gertatuko den jakitea. Agian, prest egotea da erantzuteko behar dugun gaitasun kolektiboa aurrez eraikita izatea", adierazi du Amaia Ramosek.

Ildo beretik jo du Pello Rodriguezek eta interkooperazioa lehiakortasunerako ezinbesteko tresna gisa aldarrikatu du: "Interkooperazioak aukera ematen du dena bakarrik egin beharrik izan gabe, dimentsioa irabazteko eta nortasuna galdu gabe eta autonomia zainduz gaitasunak partekatzeko", azaldu du.

Askotariko ekarpenak

Askotariko ekarpenak izan dira jardunaldian. Lehen atalean, esaterako, Repsoleko kontseilari delegatu Josu Jon Imazek Energia, geopolitika eta industria-lehiakortasuna izeneko hitzaldia egin du. Bertan, energia-segurtasunaren, trantsizioaren, inbertsioaren eta Europako industria-gaitasunaren arteko loturak aztertu ditu.

Bigarren bloke batean alor instituzionaleko eta industrialeko bost ikuspegi eskaini dituzte Elcano Errege Institutuko ikertzaile nagusi eta Espainiako Bankuko kontseilari Judith Arnalek; Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioko Merkataritza Politikako eta Segurtasun Ekonomikoko zuzendari nagusi Julian Conthek; Ormazabaleko CEO Jorge Gonzalezek; Artecheko zuzendari nagusi Luis Maria Perezek; eta Fagor Automationeko CEO eta CECIMOko presidente Jose Perez Berdud-ek. Aztertu dutena da hornidura-kateak nola ari diren eraldatzen zatiketa geopolitikoaren, Txinaren hornidura-geografia berrien, lehengaien eta osagai kritikoen, araudiaren eta industria-mendekotasunen eraginez. Testuinguru horretan, kostua eta eraginkortasuna ez dira dagoeneko hornidura-katea diseinatzeko aldagai bakarrak.

Azkenik, Brain & Codeko sortzaile eta CEO Alex Rayonek adimen artifizialaren bilakaera eta horrek produktibitatean, antolaketan, ezagutzan eta erabakiak hartzeko moduan duen eragina aztertu du, eztabaida teknologikoa giza dimentsiora eramanez.

25 urte eta gero, aurrera begira

Ekitaldi amaieran atzera begiratua egin dute bertaratutakoek eta Ategiko bazkide, bezero, hornitzaile eta profesionalen testigantzak jaso dituzte iraganeko esperientziak etorkizuneko erronka eta mezuekin lotuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak