Bihar Kongresuak hizkuntza komunitate gutxituen biziberritzeari buruzko nazioarteko eztabaida ekarriko du Euskal Herrira. Irailaren 23tik 26ra egingo dute Bilbon, Irunen eta Hendaian, eta lau egunetan hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta kultur ekitaldiak izango dira, "ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur eta arte adierazpena uztartuz", antolatzaileen esanetan.
Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua izango da kongresuaren leloa, eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak jarriko dituzte erdigunean, hainbat gaiekiko lotura eginez: identitatea eta ezagutza komunitarioa, komunitateen aktibazioa eta hizkuntzen agentzia, hizkuntza- eta kultura-biziberritzearen inguruko iruditegi partekatuak, teknologiaren eta adimen artifizialaren ekarpenak, besteak beste. Hala, nazioarteko hainbat aditu, eragile eta artista bilduko dira, 40 hizkuntza-komunitate inguru ordezkatuz. Egitarau osoa, hemen.
Egitasmoaren hirugarren fasea
Antolatzaileen helburua da Bihar "inflexio-puntu eta abiapuntu" izatea, "hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak berritzeko eta munduko komunitateen arteko elkarlana sendotzeko".
Nabarmendu dutenez, gainera, kongresua ez da ekitaldi isolatu bat izango, "azken bi urteetan garatutako nazioarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza eta hurrengo urratsa baizik". Egitasmoa hiru fasetan egituratu dute: Lehenengoan, nazioarteko diagnostikoa landu zuten; bigarrenean, diagnostiko hori Euskal Herrian sozializatu dute; hirugarrena, kongresua bera izango da.