Danborralden egingo du Mendiparta Ttakunek, Jesus Larrañaga gogoan

Mirari Altube Arrese

Jesus Larrañaga txalaparta jotzen. (Argazkia: Ttakun Txalaparta Taldea)

Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak Mendiparta ekimena antolatu du beste urte batez, txalaparta mendian jotzeko asmoarekin. Aurten, Aramaioko Danborralde mendira joango dira zapatuan, irailaren 12an, eta Jesus Larrañaga kidea omenduko dute.

Arrasateko Ttakun taldeak dagoeneko 33 urte beteko ditu eta bertako kide izan zen Jesus Larrañaga. 2025ean hil zen eta taldean egindako lana eta konpromisoa eskertu nahi dizkiote kideek; horregatik, txalaparta saioak egingo dituzte hura gogoan: "Jesusek esaten zuen bezala: Txalapartia jo ezazue keia atera arte!".
 
Zapatuan, 10:30ean abiatuko dira Aramaioko Azkoaga auzotik eta 12:00etan, Danborralden,  txalaparta saio libreak eta hamarretakoa egingo dituzte. Ekitaldia irekia izango da eta jatekoa egongo dela gerturatzen diren guztientzat iragarri dute. 
 
Mendi bueltaren ostean Ibarrara jaitsiko dira eta txalaparta-poteoa egingo dute; ondoren, bazkaltzeko elkartuko dira Barajuen auzoan. Arratsaldeko ekitaldiak Arrasaten egingo dituzte, 18:30etik aurrera txalaparta doinuak entzungo dira herriko kaleetan.
 
Egitaraua:
  • 10:30 Irteera Aramaiotik –Azkoaga auzotik–.
  • 12:00 Danborralde mendian Jesus Larrañagari omenaldia: txalaparta saio libreak eta hamarretakoa.
  • 13:30 Txalaparta-poteoa, Aramaion.
  • 14:30 Bazkaria, Barajuen auzoko Koskoltegi elkartean.
  • 18:30 Txalaparta-poteoa, Arrasaten.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak