Herritarrei "euskara eskuratzeko" dei egin diete

Eneko Azurmendi Barrena

Bilboko Kafe Antzokian gaur egindako agerraldia.

Euskalgintzaren Kontseiluak, helduen euskalduntze eta alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabalarekin batera, agerraldia egin du Bilboko Kafe Antzokian, "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan sektoreak duen garrantzia azpimarratzeko eta herritarrei euskara eskuratzeko dei egiteko".

Agerraldian hitz egin dute Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak eta Laida Begiristain Maizpideko kideak. Halaber, sektoreko elkarteetako ordezkariak ere izan dira: Aiora Erauskin eta Jasone Basurto (Maizpide), Mikel Barrios (Leizaur), Isa Isazelaia (Elkarlan), Patxi Martin (Euskalgintzaren Kontseilua) eta Ana Garmendia (Batuz elkartea).

Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko eragileek ikasturte berriko matrikulazio-kanpainaren atarian sektorearen estrategikotasuna azpimarratu dute, hurrengo hamar urteetan 300.000 euskaldun gehiago lortzeko sektoreak duen erronkaren baitan.

Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, 2022az geroztik, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko eta Euskal Herri osorako agentzia bakar bat sortzeko proposamena defendatu dute erakunde eta alderdi politikoen aurrean. Era berean, 2024an, euskara eta euskal hiztun komunitatea "larrialdi egoeran" zeudela adierazi zuen kontseiluak, eta, aurtengo maiatzean, erronka zehatz bat jarri zuen mahai gainean: hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzea.

Indarrak matrikulazio-kanpainan jarrita

Erronka hori lortzeko, azaldu dutenez, "funtsezkoa" da helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea. Hala, iraileko matrikulazio-kanpainaren atarian, herritar guztiei euskara ikasteko dei egin diete. "Horrekin batera, matrikulazio-kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu nahi diegu gizarte-eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak