Kezka piztu da bailarako lehen sektorean, lehorteak utzitako ondorioengatik

Gontzal Belategi Zubia

Hainbat behi, emandako bazka ondua jaten, astean, Oñatin. Eneko Azurmendi

Martitzenean egin zuten Bazka Mahaia Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak eta sektoreko hainbat eragilek, neurriak adosteko asmoz. Adostasunik gabe eta eragileen haserrearekin amaitu zen bilera.

Hautsak harrotuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko lehen sektorean. Inoizko uda bero eta lehorrenetako bat izan da 2026koa, eta horrek kalte nabarmenak ekarri dizkio sektoreari. Martitzenean bildu zen bigarrenez Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak eta lehen sektoreko hainbat eragilek osatzen duten Bazka Mahaia, baina ez zen inolako adostasunik lortu.

Lehortearen ondorioak bailaran

Abeltzaintza eta artzaintza izan dira lehorteak gehien kolpatu dituen esparruak. EAEko hainbat ustiategik negurako gordeta zeukaten bazka ondua ematen hasiak direla adierazi dute. Debagoienean ere egoera berean daudela azaldu du Ibai Alberdi abeltzain aretxabaletarrak: "Gurean ere neguko janaria ematen hasiak gara, eta esango nuke Debagoieneko baserri gehienetan hasi garela negurako gordeak genituen hornidurak ematen".

Antzuolako Pikunieta baserriko Jose Ramon Arrieta artzaina bat dator Alberdirekin, eta haiek ere negurako gordetako bazka erabiltzen hasiak direla azaldu du: "Gu ere antzerako egoeran gaude. Dagoeneko badira hainbat egun negurako prestatutako bazka erabiltzen hasiak garela. Askorik luzatu ezin daitekeen egoera da hau, bestela negurako janari gabe geldituko gara eta".

Egoera horrek kalte ekonomiko handiak ekar ditzakeela nabarmendu du Alberdik: "Negurako gordeta genuen jana orain ematen hasteak ondorio argia izango du, negurako janari gehiago erosi beharra, horrek dakarren kostuarekin". Prezioek, gainera, gora egingo duten ustea du Arrietak: "Guztiok antzerako egoeran gaude, eta suposatzen dut aurten, kopuruz, bazka gutxiago egingo zela. Logika kapitalistari jarraituta, horrek prezioetan igoera ekarriko du. Ekoizpen kostuak dagoeneko garesti daude, eta are gehiago garestituko dira". Arrietak, gainera, ekologikoan egiten du lan, eta horrek egoera are gehiago okertzen duela nabarmendu du.

Kezka nagusi

Euskal abeltzainen artean kezka eta ezinegona nagusitu da aspaldian, eta lehorteak areagotu egin du hori. "Etorriko denari begira gaude. Kezkaz bizi dugu egoera", azaldu du Arrietak. Lehen sektoreak aspalditik duen atsekabean jarri du arreta Alberdik, eta hainbat abeltzain sektorea uzten ari direla azaldu: "Horrelako egoerek egonezin eta kezka handia sortzen dute; finean, beldur handia. Jende asko abelburuak kentzen eta saltzen hasia da. Ez dakit honek guztionek zer ekarriko duen".

Adostasunik ez Bazka Mahaian

Martitzenean egin zuten Bazka Mahaiak aurrez harrotuta zeuden hautsak gehiago harrotzea ekarri zuen. Dataren aukeraketak berak haserrea eragin zuen lehen sektoreko sindikatuen artean, bilera irailerako uztea gaia gehiegi atzeratzea zelakoan. Hala ere, horrek ez zuen Alberdi sorpresaz harrapatu: "Baserritarrok instituzioen aldetik gehien entzuten duguna da itxaron egin behar dugula, gauzak aurrerago ikusiko direla".

Sindikatuek eta eragileek bazka erosketa bateratu bat jarri dute mahai gainean, bazkaren erosketa-kostuak merkatzeko, baina Amaia Barredok gidatutako sailak atzera bota du proposamena, ustiategiek hurrengo hilabeteetarako nahikoa bazka eskuragarri dutela argudiatuta. Horrek haserrea eragin die sindikatuei, tokiko hornitzaileek behar beste bazka izan dezaketela aitortu arren, askok aparteko kostu horiek ordaintzeko zailtasunak izango dituztelako.

Sindikatuek proposatutako beste neurrietako bat zuzeneko dirulaguntzak ematea izan da, baina Nekazaritza Sailak hori ere atzera bota du, horri erreparatzeko garaia ez dela argudiatuta. "Amaia Barredo sailburuak aurrez ere esana zuen ez zuela laguntzak emateko beharrik ikusten", azaldu du Aretxabaletako abeltzainak.

Tentsioa gora doa poliki-poliki, eta Bazka Mahaiaren aurretik ere protestan izan ziren hainbat abeltzain. Trebiñu eta Arabako Nekazaritza Elkarteak, esaterako, traktore-martxa bat egin zuen aurreko astean, neurriak eskatzeko. Pikunietako artzainak ontzat eman du hori: "Gure egoera honen aurrean antolatu eta egoera gizarteratzea ondo ikusten dut. Instituzioei beren papera ondo betetzeko eskatu behar zaie. Baserri-munduak ahalduntzeko beharra duela uste dut".

 

Aspaldiko uda bero eta lehorrena

Inoizko uda bero eta lehorrenetako bat izan da 2026koa, Euskalmetek emandako datuen arabera. Tenperaturari dagokionez, gutxienez 1970etik izandako uztailik beroena izan da aurtengoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan batez besteko tenperaturak 1991-2020ko aldiko batez bestekoa baino 3,6 gradu gorago kokatu dira; 2006ko marka 1,1 gradutan gainditu da. Uztailaren 5etik 12ra bitarteko bero-bolada nabarmendu du agentziak.

Uztailaren bidetik etorri da abuztua, eta 1970etik hona izandako bigarren abuztu beroena izan da, 2003koaren atzetik. Hilabete honetan batez besteko tenperaturek 2,4 gradutan gainditu dute 1991-2020ko aldikoa; 21,9 gradura heldu dira.

Prezipitazio urri eta kontzentratuak

Prezipitazioei erreparatuz gero, mende honetan EAEn erregistratu den bosgarren uztail lehorrena izan da aurtengoa. Hala ere, Gipuzkoako datuei soilik erreparatuz gero, uztail lehorrena izan da. Abuztuak ez du aldaketarik ekarri, eta hau ere mende honetan erregistratu den bosgarren lehorrena izan da. Abuztuko euri-egunen kopurua ohikoa baino txikiagoa izan da, eta prezipitazioaren banaketa zaparrada trumoitsuek baldintzatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak