Maren Lezetak Realarekin jokatu du berriz, urtebete eta gero

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko irailaren 3a

Maren Lezeta, Chelsearen aurkako partidan. (Argazkia: Real Sociedad)

Aretxabaletarra 83. minutuan zelairatu zen Chelsearen aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketan, lesio larri baten ondorioz urtebete jokatu gabe egon ostean.

Maren Lezeta futbolari aretxabaletarrak Realarekin jokatu zuen berriro, belauneko lesio baten ondorioz urtebete zelaietatik kanpo egon eta gero. Realak Chelsearen aurka Zubietan jokatutako partidan 83. minutuan zelairatu zen, Paula Fernandezen ordez. Txapeldunen Ligako kanporaketako itzuliko norgehiagokan "amets bat" bizi izan zuen.

Lezetak ez zuen partidarik jokatu joan den denboraldian. Ezker belauneko kanpoko meniskoan izandako lesio baten ondorioz ebakuntza egin behar izan zioten, iazko irailean. Ordutik egindako errekuperazio prozesu luzearen ostean iritsi da itzulera. "Zelaira sartu naizenean sinetsi ezinda nengoen", adierazi zuen partidaren ostean. Urtebeteko prozesua luzea izan dela aitortu zuen: "Gaizki pasatzen den momentuetan aldapa gora jartzen da dena, baina lortu dut itzultzea".

Isasiasmendiren debuta, joaneko partidan

Ane Isasisasmendi oñatiarrak, aldiz, joaneko partidan egin zuen debut ofiziala Realarekin, 91. minutuan zelairatuta. Aurten lehen taldearen dinamikan ari den arren, atzoko itzuliko neurketan ez zituen minuturik jokatu.

Kirol arloan, Realak ezin izan zion buelta eman joaneko 5-2ko emaitzari. Chelseak 0-1 irabazi zuen Zubietan, eta Txapeldunen Ligatik kanpo geratu dira txuri-urdinak. 

Ane Isasisamendi

Ane Isasiasmendiren debuta (Argazkia: Real Sociedad)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak