'Katuek legea dute' lelopean mobilizatuko dira Euskal Herriko katu-kolonien kudeatzaileak, Bilbon

Claudia Crespo Revilla

Animalien defentsarako eta babeserako elkarteak eta herritarrak irailaren 6an hainbat lekutan elkartuko dira; adibidez, Bilbon –udaletxearen aurrealdean, 12:00etan–. Katuek legea dute lelopean. Erakundeek "katuekiko duten utzikeria" salatzea da helburua, eta Debagoieneko elkarteetako kideak ere han izango dira.

Katu-kolonien kudeatzaileak kalera irtengo dira, animalia horiek espazio publikoetan jasaten duten egoera salatzeko. Besteak beste, udalei eskatuko diete dagozkien konpetentzia munizipalak betearaztea; Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko 2023/7 Legea eta Etxeko Animalien Babeserako 2022/9 Legea, hain zuzen.

Gaur egun, katu-kolonien "kudeaketaren pisu guztia, ardurak eta gastuak" boluntarioen gain utzi ohi dira, nahiz eta legez udalen konpetentzia izan.

Lege-esparrua argia izan arren, kudeaketa etikoko programak udalerrietan abian jartzeko eta garatzeko baliabideen eta borondate politikoaren falta dagoela salatu dute katuen kolonien kudeatzaileek.

Deialdiaren xedea da "udalek utzikeria alde batera uztea eta indarrean dagoen legedia betetzea". Era berean, antolatzaileek elkarlanerako prestutasuna adierazi dute, administrazioek euren betebeharrak betetzen badituzte.

Aldarrikapenak

Deialdiak indarrean dagoen legedia betetzea bakarrik eskatzen duela adierazi dute mobilizazioaren deitzaileek:

  • Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko 2023/7 Legearen benetako betearazpena; bereziki, VI. kapituluan jasotako udal-betebeharrak. Baita Etxeko Animalien Babeserako 2022/9 Legearen benetako betearazpena ere.
  • HEI (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera) programa eraginkor eta jarraituetarako behar beste baliabide ekonomiko ematea.
  • Katu-kolonien kudeaketa esternalizatuaren gardentasuna eta trazabilitatea, kontratatutako enpresen bidez egiten denean.
  • Bermatuak izatea albaitaritza-arreta eta elikadura.
  • Katu-koloniak zaintzen dituzten boluntarioak aitortzea eta babestea.
  • Herritarrak kontzientziatzea eta segurtasun-indarrak prestatzea animaliak babesteko neurrietan eta aktuazioetan, baita Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko 2023/7 Legea eta Etxeko Animalien Babeserako 2022/9 Legea ezartzeko neurrietan ere.

Bilboko mobilizazioa irailaren 6an izango da, 12:00etan; udaletxe aurrean elkartuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak