Fagor Herrigintza lankidetza programaren bosgarren deialdia abian da

Koldo Zubia Salas 2026ko irailaren 1a

Iaz, Arizari hezkuntza elkartearen 'Mugarik Gabeko Ikasgelak' proiektura 60.000 euro bideratu zituen Fagorrek.

Gaurtik, –irailak 1– hila amaitu bitartean aurkeztu ahal izango dituzte gizarte eragileek euren proiektuak. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, eta aurreko urteetako dinamika jarraituz hiru laguntza banatuko ditu Fagorrek; 60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 eurokoak, hain zuzen. 

2022an abiatu zenetik, "Euskal Herri hobe bat" eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak laguntzeko helburua izan du Fagorren lankidetza programak. Kooperatiba taldeak gehitu du, ekimenak komunitatearekin eta gizarte erronkekin duen "konpromisoa" duela oinarrian, eta, horregatik, "garaipen iraunkorrerako helburuei erantzun propio eta berritzaileak" emateko lan egiten duten proiektuak bultzatu nahi dituela, betiere eurekin elkarlanean jardunez.

"Argia da Fagorren konpromisoa. Lana sortu eta lurraldearen ongizatea bultzatzetik harago doa haren xedea. Bidezko ereduen alde egin nahi du, eskala desberdinetatik eragin, izan Debagoiena eskualdetik, Euskal Herritik edota nazioartetik. Besteak beste, Euskal Herriko eragileen lana aitortzeko eta euren jardunean laguntzeko balio du Fagor Herrigintzak", esan du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradun den, Aritz Otxandiano Kanpok. 

Azken erabakia, bazkideena

Osotara, 120.000 euro banatuko ditu Fagorrek, hiru laguntzatan banatuta: 60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 eurokoak. Proiektuak fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dira. Bertan, ekinbideari buruzko informazioa, garapen iraunkorreko helburuekin duen lotura, kronograma, aurrekontua eta finantziazio plana jakinarazi beharko dira; deialdiaren oinarriak ere webgunean irakurri daitezke.

Irailean zehar aurkeztu ahalko dira proiektuak lankidetza programara, eta, horren ostean, oinarrien araberako balorazioa eta bozka fasea egingo da ostean. Puntu gehien dituzten egitasmoen artean, Fagor kooperatibako bazkideek aukeratuko dute zein proiektuk jasoko dituzten deialdi honetako laguntzak. Abenduan emango dute horren berri. 

Lagundutako proiektuak

Honakoak izan dira Herrigintza lankidetza programaren aurreko deialdietan Fagorrek lagundutako proiektuak:

  • 2022an: Zaporeak –60.000 euro–, Itsas Salbamendu Humanitarioa –40.000 euro– eta Seaska ikastolen
    federazioa –20.000 euro–.
  • 2023an: Biolur –60.000 euro–, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa –40.000 euro– eta Iñurri –20.000
    euro–.
  • 2024an: Hiruatx –60.000 euro–, Txintxirri ikastola –40.000 euro– eta Ihitten –20.000 euro–.
  • 2025ean: Arizari –60.000 euro–, Haize Berri –40.000 euro– eta Shifa –20.000 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak