Apotza 66 aldiz igo zuten atzo Lander Mediavillak eta Joseba Zubizarretak, Everesteko desnibela bizikletaz osatzeko erronka eginez. Guztira, 216,90 kilometro egin zituzten eta 8.978 metroko desnibel positiboa pilatu, hamahiru ordu baino gehiago pedalei eraginez. Goizeko 05:30ean ekin zioten erronkari, eta gaueko 22:00ak aldera amaitu zuten.
Everesting izenez ezagutzen den erronkaren helburua da bizikletaz mendiaren tontorrera igoko balitz bezala, Everesteko 8.848 metroko desnibela egitea. Horretarako, aldapa bera behin eta berriz igo behar izaten da. Kasu honetan, Apotzako aldapa aukeratu zuten.
"Ideia duela astebete bururatu zitzaigun. Oporretan geunden Alpeetan, eta hor sortu zen ideia. Biok txirrindularitza zaleak gara eta Joseba Apotzakoa da. Berak esan zidan Apotzara igotzen egiteko, bere auzoa dela eta; ni prest. Saiatuko ginela esan genuen eta lortu dugu", azaldu du Mediavillak.
Lagunen babesa
Bi txirrindulariek osorik egin zuten erronka, baina ez ziren bakarrik aritu. Lagunek bidean zehar lagundu ziten erronka betetzen. "Lagun batzuk etorri ziren, eta asko lagundu ziguten, eta eskertzen da. Batek gurekin batera bizikletan ia 6.000 metroko desnibela egin zituen eta ordu ugari egon zen gurekin".
13 ordu baino gehiagoz pedalei eragin ostean, nekatuta amaitu zuten, baina erronka amaitzeak utzitako sentsazioa ona izan zen. "Amaitzeko gogoak genituen, baina gustura. Lagunak eta bertan zeuden, eta giro polita zegoen Apotzan", nabarmendu du.
Gaurko egunez, gorputzak ondo erantzun diela azaldu du Mediavillak: "gaur jada ondo nago; lo ondo eginda, guztiz errekuperatuta".

