Ion Albizu aretxabaletarra eta senideak Las Palmeras kanpinean daude egunotan, Tarragona hiriburutik 5 kilometrotara, iparralderantz. Eta asteleheneko, abuztuaren 24ko, ekaitzak Tarragonara bidean harrapatu zituen: "Hiriburura joan ginen arratsalde pasa; bagenekien ekaitza zegoela iragarrita baina inork ez zuen espero halako indarrarekin iritsiko zenik. Ailegatu ginenean, oraindik autoan, zerua erabat belztu zen; horren beltza nik ez dut sekula ikusi, eta lainoak, gainera, oso gertu ikusten genituen, gain-gainean". Bat-batean ekin zion erauntsiari: "Sekulako txingor zaparrada hasi zen eta kristalak apurtuko ote zituen beldur ginen. Ez nuen ezer ikusten eta ez nekien non gelditu autoa; zuzen nindoan ere ez nekien. Hainbat buelta eman ostean espaloira igo eta balkoi baten azpian hartu genuen babes". Han pasatu zituzten ekaitzaren unerik gogorrenak, eta ondoren, kanpinera itzultzea erabaki zuten, harantz zihoalako ekaitza ere.
Itzulerako bidea beldurgarria izan zela dio: zuhaitzak erorita, bide batzuk moztuta eta anbulantziak pasatzen. Eta kanpinean sekulako triskantza topatu zuten: "Autoa kanpoan utzi behar izan genuen urez gainezka zegoelako sarrera. Eta hasierako kanpin-denda eta karabanen aurrealde guztiak erabat txikituta zeuden, hezurdurak bakarrik geratzen ziren. Jendea ari zen uretatik ateratzen koltxoiak, arropak, telefonoak… Gure karabana dagoen gunean zuhaitz gehiago daude, pinu handiak, eta egoera zerbait hobea zen baina dozena bat zuhaitz erorita zeuden, batzuk kanpin-denden gainetara. Hori guztia pasata ere, ez da ezer larririk gertatu."
Gaur, eguaztena, oraindik garbitze lanetan dihardute kanpinean: eroritako zuhaitzak mozten, azpian hartutako autoak eta karabanak kentzen…
Une larriak bizi izan zituzten eta beldurra pasatu zuela onartu du Albizuk. "Bereziki autoan gindoazenean. Kale batzuk erreka bihurtu ziren eta autoak gurpiletatik gora zuela ura zeharkatu genituen horietako batzuk; lekua ezezaguna izanik guretzat ez genekien non bukatuko ziren erreka horiek, zuhaitz adarrak gainera erortzen, txingorra sekulako indarrarekin… Eta kanpinean ere askok esan ziguten beldur handia pasatu zutela. Tarragonara sarri joaten direnek aipatu dute, ekaitz asko izan arren alderdi horretan, halakorik sekula ez dutela bizi izan. Antza ohikoa ez den fenomenoren bat gertatu zen une hartan".
Egubakoitzean, Roda de Bera herrian
Leire Etxebarria arrasatearra eta familia Roda de Bera herriko Stel kanpinean izan dira. Han, egubakoitzean, abuztuaren 21ean bizi izan zuten ekaitza. "Tarragona hiriburutik 22:00ak aldera iritsi ginen; tanta batzuk hasi ziren orduan eta atzetik sekulako zaparrada. Gure alboko kalea urez betetzen zihoan eta ondoren ingurukoak, une horretan botatzen ari zen guztia jasotzeko gai ez zirelako estoldak. Argindarra joan zen eta gure partzelan ere ura sartzen hasi baina ez genuen ikusten noraino iristen zebilen. Hurrengo egunean ikusi genuen kalte handirik ez zigula sortu".
Ondorio larririk bizitzea ez zitzaien tokatu Etxebarria eta familiari baina bai kanpin berean zeuden beste batzuei: "Hurrengo egunean ur asko zegoen pilatuta, lokatza ere bai; ondorioz, autoak eta karabanak ezin zituzten jarri martxan batzuek. Gauean, gerriraino iritsi zitzaiela ura azaldu zigun emakume batek, eta horregatik, batzuek erabaki zuten gaua jatetxean pasatzea".
Etxebarriak dio ez zuela aparteko beldurrik pasatu: "Behar bada ezjakintasunagatik. Izan ere, guk ez genekien kanpineko beste batzuk zein egoera ari ziren bizitzen. Hain zuzen horietako batzuk kexu agertu dira ondoren kanpineko arduradunek ez zigutelako abisatu edo alertaren bat bidali egoeraren berri emanaz".