Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko errepide sarea mugikortasun eredu berrietara egokitzeko urrats berria egin du. AP-1eko Arrasateko eta Eskoriatzako eta AP-8ko zerbitzuguneek ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko harguneak izango dituzte 2027aren hasieran, Bidegik esleitu berri dituen egokitzapen lanak amaitu ondoren. Jarduketak hiru milioi euroko inbertsioa ekarriko du, eta bide segurtasunaren hobekuntza eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko azpiegitura berrien instalazioa uztartuko ditu.
Bidegiren Administrazio Kontseiluak AP-1eko lau zerbitzugune (Arrasate eta Eskoriatza) eta AP-8ko bi (Hernani) berrantolatzeko eta egokitzeko kontratua esleitu du. Lanek jarduketa bikoitza aurreikusten dute horietan. Alde batetik, espazioen konfigurazioa aldatuko da, bide segurtasuna hobetzeko eta zerbitzu eremuen barruko zirkulazioa optimizatzeko. Bestetik, berrantolaketa horri esker, potentzia handiko kargagailu elektrikoak instalatzeko gune berriak gaitu ahal izango dira.
Hamabost minutuan
Lehen fasean, zerbitzugune bakoitzak bina kargagailu bikoitz izango ditu, eta, horri esker, geltoki bakoitzeko lau ibilgailu aldi berean kargatu ahal izango dira. Gainera, azpiegitura handitzeko ahalmenarekin diseinatu da, eta, beraz, karga puntuen kopurua eskariaren arabera handitu ahal izango da, geltoki bakoitzeko hamabi ibilgailura iritsi arte.
Kargagailuak karga azkarrekoak izango dira, eta, horri esker, erabiltzaileek ibilgailuaren bateriaren % 80 bete ahal izango dute gutxi gorabehera hamabost minutuan, itxaronaldiak murriztuz eta joan-etorrien jarraitutasuna erraztuz.