Askotariko bisita gidatuak, etxetik irten barik

Mireia Bikuña Madrid 2026ko abuztuaren 2a

Bergarako, Oñatiko, Leintz Gatzagako eta Elgetako altxorrak ezagutzeko aukera izango dute abuztuan, kanpotik datozenek,  eta baita bailarako bizilagunek ere. Arrasaten, mendi ibilaldia egingo dituzte.

Bergaran hiru bisita mota dituzte aukeran: Laboratorium Museoa, Bergara Monumentala eta Lorategi historikoak. Bisita gidatu horiek egunero egingo dira abuztuan: astelehenetik egubakoitzera, 13:00etan izango dira; domeka eta jaiegunetan, 12:00etan; eta zapatuetan,  11:00etan eta 12:30ean. Bisita guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da, gutxienez egun bat lehenago, izena ematea 943-76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita.

Erreserba egiten duen lehen pertsonak aukeratuko ditu bisita gidatuaren hizkuntza.

Bestalde, abuztuaren 8an eta 29an Olaso Dorrea barrutik ezagutzeko aukera egongo da: 8an, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz; eta 29an, bakarrik 11:00etan. Era berean, hilaren 29an San Pedro parrokiara bisita egingo dute. Jarduera horietan parte hartzeko aurrez erreserbatu beharko da Laboratoriumen.

Oñatiko altxorrak eta Elgetako lubakiak

Oñatiko altxorrak bisita gidatuan San Migel parrokia eta erdigune historikoa erakutsiko dituzte turismo teknikariek. Abuztuan egunero egingo dute bisita hori, 13:00etan, Turismo Bulegotik irtenda. Izena ematea beharrezkoa da: 943-78 34 53. 

Gerra Zibilak Elgetan egindako sarraskiaren lekuko izandako Intxortako lubakiak ezagutzeko aukera ere badago abuztuko zapatuetan eta domekatan. Intxortako Atetik abiatuta, errepublikar lubakiak eta babeslekuak zeharkatuko dituzte, La Belga posiziora heldu arte. Bi orduko ibilaldian parte hartzeko aurrez eman behar da izena: 943-79 64 63 edo infoturismo@debagoiena.eus

Gatz Museoko bisitak

Egubakoitzetik domekara egongo da aukera Gatz Museoa barrutik ezagutzeko. Gatzak herrian izan duen bilakaeraren historia ezagutzeko bisitak egingo dituzte 12:00etan, euskaraz eta 13:00etan, gazteleraz. Izena emateko: 943-71 47 92.

Mendi ibilaldiak Arrasaten

Turismoaz harago, etxean geratzen direnendako mendi ibilaldi gidatu aukerak daude Arrasaten: abuztuaren 9an Arrasateko bira egingo dute, Bedoña eta Meatzerreka auzoak zeharkatuta; eta abuztuaren Gongetako meatzeak-Besaide ibilaldia. Izena emateko: Arrasate.eus edo 943-25 20 00.

Ekintza ezberdinak, Parketxean

Arantzazuko Parketxeak ere prest dauka abuzturako ekintza zerrenda. Alde batetik, jolas inklusiboa egingo dute, Parketxetik Gomiztegira doan ibilbide irisgarrian. Bertan, ikusmen urritasuna eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen azalean jartzeaz gain, familian jolasteko eta disfrutatzeko aukera egongo da. Abuztuaren 15ean, 16an eta 22an egingo dute, 11:00etan hasita.

Beste alde batetik, Arantzazuko altxor galduen bila joateko aukera eskainiko die bisitariei. Familiendako orientazio jolasa abuztuko zapatuetan, domekatan eta jaiegunetan egingo dute.

Bi horietan parte hartzeko izena eman behar da aurrez: 943-78 28 94 edo arantzazu@gipuzkoanatura.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak