Arrasateko estazio meteorologikoak ekainean inoiz erregistratutako tenperatura altuena erregistratu zuen ekainaren 24an: 41,9 gradu. Hori izan zen, hain zuzen, ekaineko bero-boladaren gailurra. "Beroa orokorra izan zen ekainean. Debagoienean bakarrik ez, Euskadi osoan egin zuen bero handia", nabarmendu du Miriam Ruizek, Euskalmeteko meteorologoak. "Datuak ditugunetik, beroena izan zen. Batez besteko tenperatura, Euskadin, ohikoa baino 3,7 gradu beroagoa izan da. Gainera, lau egunetan jarraian, batez besteko tenperatura maximoa 35 gradukoa izan da. Debagoienean ere, ekainik beroena izan da", dio.
Hilabete horretako batez besteko tenperaturari erreparatuta, Elorregiko estazioak neurtu zuen Debagoieneko beroena –21,9 gradu–. Arrasateko batez besteko tenperatura 21,3koa izan zen; Oñatikoa, 21,1ekoa eta Urkulukoa, 20,4koa –horiek dira bailaran dauden lau estazioak–.
Beroenak izan diren bi estazio horietan, esanguratsua da azken 25 urteetako ekaineko batez bestekoarekiko alderaketa. Izan ere, 2001etik 2026ra, ekaineko batez bestekoa 17,7 gradukoa izan da Arrasaten eta 2026ko ekainekoa, aldiz, 21,3koa –3,6 gradu beroagoa–. Elorregiren kasuan, azken 25 urteetan ekainak 18,7 graduko batez bestekoa utzi du eta aurtengoa 21,9 gradukoa izan da –3,2 gradu beroagoa–.
Maximoa, San Juan egunean
Tenperatura maximoak, era berean, ekainaren 22an, 23an eta 24an erregistratu zituzten Debagoieneko lau estazioek. Hala, Arrasateko San Juan eguneko 41,9 graduko markaz gain, Elorregin 41,6 gradura iritsi zen termometroa ekainaren 22an; Oñatin, ekainaren 23an, 40,8 graduko maximoa neurtu zuen estazioak eta Urkulun, azkenik, 40,5 gradutara heldu zen merkurioa ekainaren 23an eta 24an.
Afrika iparraldetik, masa beroa
Bero-bolada zerk eragin zuen galdetuta, honako hau erantzun du Euskalmeteko meteorologoak: "Antizikloiak Iberiar penintsula eta Europako zati handi bat hartu zuen. Gainera, goi-geruzetan ere masa beroa zegoen. Hego ukituko haizearekin, Afrika iparraldetik aire masa oso beroa etorri zitzaigun eta egun asko iraun zuen boladak, blokeo antiziklonikoaren ondorioz".
Maximoen batez besteko altua
Ekaineko tenperatura maximoen batez besteko altuena ere Arrasaten erregistratu zen; 29,1 gradu, hain zuzen. Urkulun, batez besteko hori 28,9 gradukoa izan zen, eta Oñatin eta Elorregin, aldiz, 28,8 gradukoa.
40 gradutik gora, hiru egunetan
Beste datu esanguratsu bat da Arrasaten hiru egunetan neurtu zituztela 40 gradutik gorako tenperaturak, eta 2016tik 2025erako ekain guztiak kontuan hartuta, behin bakarrik gainditu zela langa hori. Elorregin ere hiru egunetan gainditu ziren 40 graduak ekainean –2016tik 2025era, bi aldiz soilik gertatu zen hori–.
"Maizago" eta "luzeagoak"
Ruizek dio, klima-aldaketaren ondorioz, bero-boladak "maizago" gertatuko direla aurrerantzean eta "luzeagoak" izango direla. "Hau da, lehenago hasiko da bero egiten eta beranduago amaitu. Gainera, bero-boladetako tenperatura maximoak geroz eta muturrekoagoak izango dira. Euskadin, 70eko hamarkadaz geroztik, bero-boladak egun bat luzatu dira hamarkada bakoitzean", azpimarratu du.