Bizitzaren "une gazi-gozoei" kantuan Ateri taldearen estreinako diskoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko uztailaren 17a

Aretxabaletako Ateri musika taldeko kideak. Argazkia: Jorge Gonzalez.

Ilun eta argi bilduma argitaratu du Aretxabaletan entseatzen duen boskoteak.

Aretxabaletako kuartelean du entsegu-lokala Paul Casal abeslari eta gitarra-joleak, Oier Arregi gitarra-joleak, Ibai Agirreurreta baxu-joleak, Asel Errasti bateria-joleak eta Javi Egino abeslariak osatzen duten Ateri taldeak. "Beste talde batzuetan ibilitakoak gara guztiak, eta euskara eta kultura sustatzeko eta gure musika gosea zein jakin-min pertsonalak asetzeko eta horiei erantzunak bilatzeko asmoarekin hasi ginen elkartzen 2024an kide batzuk, eta poliki-poliki boskotea osatu dugu", azaldu du Paul Casalek.

Sei kantu

Ilun eta argi izeneko estreinako diskoa argitaratu berri du Aretxabaletako, Bergarako, Arrasateko eta Leintz Gatzagako musikariak batzen dituen taldeak. Sei abestirekin osatutako lana da, "iluntasun gordinetik argitasun hauskorrerainoko bidaia bat" bezala definitzen dutena: "Pertsonok ditugun iluntasun eta argi puntuen isla dira, nolabait, kantuen hitzak. Momentu onak eta txarrak daude bizitzan, eta horiei aurre egin beharraz kantatzen dugu, besteak beste, familiaren, laguntasunaren eta anaitasunaren indarra aldarrikatuta eta, beste hainbat gairen artean, adibidez, doluari buruz abestuz".

Musika-etiketa bakarrean kokatu barik, hardcore-rock moduan definitu du Casalek Ateriren estiloa: "Post-punk etiketa ere jarri digute. Gustuko dugun musika estiloetan oinarritu gara; punk, hardcore, rock, street punk eta britpop estiloetan ibili izan gara; hortaz, horien guztien nahasketa moduko bat dela esan daiteke".

Fisikoan eta digitalean

Etxean eta etxekoek egin dute diskoa, eta "harro" daude emaitzarekin. "Asel Errastik grabatu, nahastu eta masterizatu du. Formatu fisikoan –Arrasateko Heresunge Tattoo dendan– eta digitalean dago eskuragarri. Zuzeneko talde bat gara, eta gogotsu gaude irailean kontzertuak hasteko: Leintz Gatzagan, Bilboko Kafe Antzokian eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango gara, besteak beste, datozen hilabeteetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak