Bea Asurmendi: "Neure buruari egindako oparia izan zen diskoarekin jende asko hunkitu da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko uztailaren 17a

Bea Asurmendi, taldekideekin, Londresko areto bateko kontzertuan. Argazkia: Ione Saizar

Bergarako Udalak antolatzen duen Usondokoak musika zikloaren baitan, Londresen bizi den Aramaioko musikariak kontzertua egingo du, bihar, zapatua, Usondo parkean, 22:00etan; sarrera dohainik izango da.

Zer moduz zaude?

Oso pozik eta gogotsu nago uda honetan Euskal Herrian egingo dudan biratxorako. Joan den egubakoitzean iritsi nintzen Euskal Herrira, eta dagoeneko kontzertu batzuk egin ditut: zapatuan Gasteizko Jazz Jaialdian izan nintzen eta domekan, Bilbon. Atzo, eguena, Mendaron jo nuen, eta bihar Bergaran izango naiz. Datorren astean, uztailaren 25ean, Donostiako Jazzaldian izango naiz, eta abuztuaren 6an, berriz, Iruñean. Ilusio handiarekin eta oso pozik nago nire musika etxean jotzeko aukera izateagatik.

Deskribatuko diguzu zelakoa izango den Usondo parkeko kontzertua?

Iaz kaleratu nuen Asteartea izeneko diskoko kantak joko ditugu, gehienbat, baina baita niretzat bereziak diren gure erara moldatutako bertsio batzuk ere.

Gustuko tokia iruditzen zaizu parkea zure kontzertu baterako?

Bai; ezagutzen dut. Uda izanik eta horren eguraldi ederrarekin, asko gustatzen zait aire zabalean eta naturarekin inguratuta jotzea. Kontzertu oso polita izango dela uste dut.

Ze musikari izango dituzu alboan?

Laukote formatuan izango gara: Giovanni Cresseri baxu-jolea, Milena Granci teklatu-jolea, Anna Chai flauta-jolea eta laurok.

Zelako bidea ari da egiten iazko ekainean argitaratu zenuen zure estreinako diskoa, Asteartea

Izugarri polita izaten ari da jendearengandik mezu hain ederrak jasotzea eta kantek hunkitu egin dutela entzutea; izan ere, ilusioa egiten du jendeari norberak sortutakoa gustatu zaiola jakiteak. Baina, behin baino gehiagotan esan dudan moduan, disko hori neure buruari egindako opari bat izan da, kantak niretzako idatzi nituen, autoterapia modura, espektatibarik edo pretentsiorik gabe, nora iritsiko ziren eta emaitzan pentsatu gabe; eta horrek zoriontasun, bake eta askatasun sentsazio izugarria ematen du. Nire iritziz, hori da artea sortzearen zentzua.

"Jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiek osatzen dute 'Asteartea' diskoa"

Laburbilduko diguzu zelako kantuen bilduma den?

Zaila egiten zait etiketak jartzea, baina esango nuke jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiek osatzen dutela diskoa, eta, era berean, inprobisazioa osagai garrantzitsua dela. Nabarmen markatu ninduen emakumezko talde batean izandako esperientzia eraldatzailean daude inspiratuta abestiak. Hitzek gai horiei buruz hausnartzera gonbidatzen dute: maitasun propioa, sororitatea, dolua, barkamena eta osasun mentalaren garrantzia.

Non dago eskuragarri?

Kontzertuetan eros daiteke diskoa, eta baita Bandcamp plataformaren bidez ere; han eskaera egin, eta posta bidez bidaltzen ditugu gero.

Londresen ere izan duzu diskoa aurkezteko aukera, ezta?

Bai; hala da. Londresko hainbat aretotan izan dut diskoa aurkezteko aukera, eta baita Londresko Jazz Festibalean ere. Eta esan behar dut diskoaren erdia euskaraz izanik oso berezia dela han horren harrera eta babes polita izatea.

Joan den domekan Bilbon parte hartu zenuen kontzertua ere aipatzekoa da.

Bai; Judit Neddermann artista katalanaren Artean proiektuarekin egindako kontzertua izan zen. Olatz Salvadorrek, Olaia Inziartek, Marenek, nire ahizpa Idoiak eta bostok parte hartu genuen. Izugarri berezia izan zen oholtzaren gainean gure artean sortu zen energia eta konexioa, oso hunkituta jaitsi ginen denok taularen gainetik! Ezagutzen ez duenarentzat, diskoa orain dela urte eta erdi argitaratu zen eta katalanez eta euskaraz idatzitako abestiek osatzen dute bilduma hori. Opari bat izan zen proiektuaren parte izateko gonbidapena jasotzea, eta musika proiektu hutsa baino askoz gehiago bihurtu da orain!

"Euskal Herrian egingo dudan biraz gainera, Londresen eta Italian ere joko dut uda honetan"

Zelan duzu uda? 

Euskal Herriko kontzertuez gain, Londresen ere joko dut abuztuan, eta baita Italian ere, estreinakoz.

Aurrera begira, etorkizun hurbilean, ze asmo dituzu?

Musika lehen deskribatu dudan leku horretatik egiten jarraitzea, nire erritmoa eta denborak errespetatuz eta egiatik sortuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak