Donosti Cup txapelketan aurten 911 taldek eman dute izena. Debagoienari dagokionez, Mondra da talde gehien aurkeztu dituena, sei guztira. Oñatiko Aloña Mendik talde bakarra dauka, alebin mutilen mailan. Eta bada Bergarako beste talde bat ere, 15 urtez azpikoen kategorian. Horiekin batera, posible da beste talde batzuen izenean Debagoieneko jokalari gazteak ere txapelketan egotea.
Oñatiko Aloña Mendik, esaterako, aurten bigarren urtez eskaini du Azkoagaingo futbol zelaia txapelketako partiduetarako, eta alebin mutilen mailako jokalarien eta gurasoen ekimenez hartu dute parte.
Egubakoitzean, esaterako, Azkoagaingo goizeko lehen partiduan Lleidako eta Madrilgo taldeak izan ziren. Eta txapelketak ekarri du parte-hartzaileen gurasoak ere egunotan Gipuzkoara etortzea.
Nazioarteko txapelketa izanik, hainbat jatorritako jokalarien parte-hartzea izan da aurtengoan ere; Ameriketatik, Indiatik, Afrikatik edota Japonetik etorritakoak izan dira.
Bertako, Mondrako talde batek, esaterako, egubakoitz arratsaldean Bergarako Ipintzan jokatu zuen partidua.
Gorabeherak txapelketan
Batzuendako esperientzia ona izan da, beste batzuendako, berriz, gazi-gozoa. Izan ere, esaterako, Mondrakoek Bergaran jokatu behar zuten partidua ia ordubete beranduago hasi zen egubakoitz arratsaldean, aurreko partiduan harmailetan zeuden guraso batzuen arteko liskarra tarteko, Ertzaintza ere joan behar izan zelako bertara.
Ondorengo partiduan, berriro ere Ertzainak joan behar izan ziren Ipintzara eta baita anbulantzia bat ere, jokalari bat artatzera. Kasu horretan, partiduan min hartu zuelako jokalari batek.

Eta Donostiako Zubietako zelaira ere Ertzainak joan behar izan ziren egubakoitzean, arbitratzen ari zen ertzain batek jokalarien eta ikusleen "irainak" jaso zituelako. Antolatzaileek esan dutenez, "horrelako jarrerek ez dute lekurik txapelketan".