Espainiako Federazioak astelehen honetan bertan jakinarazi dio Ointxeri, dokumentazio dena behar den moduan aurkeztuta, LF2n jokatuko dutela hirugarren urtez jarraian. Eta horrekin batera, Smartlog Ointxek lehiatuko duen multzoaren osaera ere ezagutu da. "Eta hor ezustekoak izan dira, eta ez positiboak; izan ere, oraingo honetan Smartlog Ointxek Kataluniako zazpi talde, Valentziako Erkidegoko bi, Zaragozako bat, Jerez de la Fronterako talde andaluziarra eta beste bi euskal talde izango ditu aurkari. Hasiera batean, azken bi denboraldietakoa baino maila lehiakorragoa izango du multzoak", adierazi dute klubetik.
Partiduak Ibarran
Denboraldi honetako beste berritasun handi bat izango da Smartlog Ointxek etxeko partidak Aretxabaletako kiroldegian jokatuko dituela. Iturripe berritzeko proiektuak taldearentzako kokaleku berri bat bilatzera behartu du, "Eta Aretxabaletatik erabateko prestutasuna erakutsi dute Debagoieneko maila handieneko emakumezkoen taldeari euren instalazioak erabiltzeko aukera errazteko".
Liga urriaren 3ko eta 4ko asteburuan hasiko da, eta Ointxeko zuzendaritza dagoeneko denboraldi berrirako taldea osatzeko azken xehetasunak lotzen ari da. Ointxeko harrobiko jokalarien jarraipena izango da taldearen oinarria, baina Alazne Canalesek eta Maddi Lizarraldek Ameriketako Estatu Batuetan dituzten proiektuek eta Naia Badiolaren iraupen luzeko lesioak gure lurraldetik kanpoko fitxaketak aztertzera behartu dituzte Ointxeko arduradunak.