Joan den urte amaieran aurkeztu zuten Leintz Bailarako Ikastola Lagunak Taldea. Ordutik hona, gelditu, entzun, hausnartu eta elkarri galderak egiteko tartea hartu dute: Zer dira Ikastolak? Zer izan dira? Zergatik dira oraindik beharrezkoak? Eta, batez ere, nola ekar daiteke berriro ikastolen zentzua herritarrengana? Galdera horien erantzunak piezaz pieza eraikitzen eman dituzte azken hilabeteak. Uda ostean hasiko dute hurrengo urratsa: herrira gerturatzea. Dena den, argi dute lehenik sustraiak sendotu behar direla, etorkizunari begiratzeko.
Leintz Bailarako Ikastola Lagunak Taldea "ez da Arizmendi Ikastolak edo Ikastolen Elkarteak sustatutako egitura bat", argitu du Iñaki Mujikak, Ikastola Lagunen Taldeko kideak. Ikastolen proiektuan sinesten duten herritarren ekimena dela dio; antolaketan esku hartu nahi duen mugimendua baino gehiago, ikastolen izatea eta egitekoa babestu nahi dituena. Honela osatu dute: ikasle ohiak, guraso ohiak, irakasle ohiak, aitona-amonak eta, oro har, ikastolen ereduan sinesten duten herritarrak batu dira; guztiak, kezka beraren bueltan. Kezka horrek badu izena: euskalduntasunaren transmisioa.
Gizartean "egiturazko arazo bat" dagoela gaineratu du Patxi Lazkanok, Ikastola Lagunak Taldeko kideak, eta ez euskararen erabilerari soilik lotutakoa. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den identitatearen, komunitatearen eta herri ikuspegiaren hariak ahultzen ari direla sumatzen dute. Horregatik, ikastolen zentzua erdigunera ekarri dute berriro.
Publikoa eta itunpekoa
Azken hamarkadetan Euskal Herrian hezkuntza sistema bi multzotan sailkatzeko joerak –publikoa eta itunpekoa– ikastolen izaera lausotu duela dio Arrate Arkauzek, Ikastola Lagunak Taldeko kideak. Sarritan, "itunpeko ikastetxe" etiketa baino ez zaie ezartzen, eta horrek itzalean uzten du haien jatorria, bidea eta eginkizuna. "Ba al dago publikoagorik, herritik sortu den hezkuntza baino?" galdetzen dute; galdera hori Ikastolaren izatea ulertzeko gakoetako bat dela adieraziz. Izan ere, ikastolak "herriak berak euskaraz eta euskal ikuspegitik hezteko zuen beharretik" jaio ziren. "Herriak eraikitako proiektuak dira, herriarentzat eginak, irabazi-asmorik gabeak eta komunitatearen parte-hartzean oinarrituak", azpimarratu du Mujikak.
Balioen transmisioa
Hezkuntza euskaraz jasotzearen eta hezkuntza euskalduna eskaintzearen artean dagoen amildegia, handia dela nabarmendu dute. "Ikastolen egitekoa harago doa: belaunaldi berriei euskararekin batera Euskal Herriaren historia, kultura, nortasuna eta komunitatearen balioak transmititzea dira", hausnartu du Arkauzek. "Gure aurrekoek egin zuten lana ez dezagun bidean utzi", gehitu du Lazkanok.
Ideia horrek autokritikarako tartea ere ireki die; izan ere, onartu dute, neurri batean, transmisio horretan hutsuneak egon direla. Ikastolatik igaro diren askok ez dutela beti ulertu ikastolen zentzua edo haien sorrera posible egin zuen herri mugimendua. Erosotasunak, belaunaldi aldaketak eta denboraren joanak sustraien memoria lausotzea ekarri dutela uste dute.
Patxi Lazkano: "Hari askok ekarri naute puntu honetara, baina, batez ere, euskalduntze prozesuak bizi duen testuinguru politiko eta judizialaren aurrean zerbait egin beharra sentitzeak"
Euskal Herri osoan martxan
Ikastola Lagunak Euskal Herriko zazpi lurraldeetan hedatzen ari den mugimendua bada ere, erabaki dute lehen urratsak etxe barruan ematea. Azken hilabeteotan, Leintz Bailaran hiru azpi-talde sortu dituzte: Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan. Tokian tokiko taldeek beren errealitateari erantzuten diote, baina guztiak norabide berean ari direla azpimarratu dute.
Era berean, administrazioak lurraldeak banatzen baditu ere, haientzat Ikastolak zazpi lurraldeak lotzen dituen herri proiektua direla adierazi dute. Korronte desberdinetan arraun eginda ere, helmuga bera partekatzen dutena.
Arrate Arkauz: "Ikastolako ikasle eta guraso izateak proiektu kolektibo baten parte sentiarazi nau beti. Zazpiok bat izatea nahi badugu, Ikastolak beharrezkoak direla sinetsita nago"
Gaurkotasuna eta datozenak
Testuinguruak hausnarketarako arrazoiak eman dizkie, eta horren lekuko da, besteak beste, azken asteetan selektibitateko euskara proban izandako emaitzekin jasotako erantzun judiziala. Euskararen aurkako oldarraldiaz, identitatearen ahultzeaz eta euskalduntasunaren transmisioan sumatzen dituzten arrakalez hitz egin dute. Haien ustez, urte luzez herri hau aurrera atera duen militantzia eta konpromisoa aktibatzeko garaia da, eta horri eusteko asmoz datoz Ikastola Lagunak.
Aurrera begira, oraingoz ez dute erronka zehatzik iragarri nahi. Udan hausnarketarekin jarraituko dute, eta, ondoren, herrira zabalduko dute egindako lana. Ateak zabalik dituztela diote. "Ikastolen orainean eta etorkizunean sinesten duen orok izango du lekua", iragarri dute.
Ez dute iraganera nostalgiaz begiratzeko asmorik; egindakoa ezagututa urratsak egiten jarraitzeko momentua da. Ikastolak "herri honek sortutako tresna izan ziren, euskalduntasunari arnasa emateko"; gaur, berriz ere, arnasa hori gal ez dadin lanean ari dira.
Iñaki Mujika: "Kezkatzen nau gazte askok euskal identitatearekin gero eta lotura ahulagoa izateak. Uste dut gure belaunaldiari dagokiola busti, mugitu eta ardura hartzea, herriak aurrera jarrai dezan"