Alerta laranja aktibatuko dute astebururako, tenperatura altuengatik

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 10a

Muturreko tenperatura altuak iragarri ditu Euskalmet agentziak astebururako. Gaur, egubakoitza, abisu horia aktibatu dute eta biharko, zapaturako, laranja, 38 gradu ingurukoak izango direlako tenperaturak Kantauri barnealdean.

Gaur, egubakoitza, 30 gradu inguruko tenperaturak izango dira Kantauri isurialdeko barnealdean eta 27 ingurukoak kostaldean. 

Datozen egunetan, aire-masa oso bero baten eraginpean jarraituko duela EAEk iragarri dute eta, ondorioz, asteburuan, tenperaturek gorakada berri bat izango dutela; "beroa bizia izango da eta lurralde osora zabalduko da". Bihar, zapatua, alerta laranja aktibatuko du Eusko Jaurlaritzak  muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean; 12:00etatik 20:00etara egongo da aktibo eta 38 gradu inguruko tenperaturak erregistratuko dira. 

Era berean, zapatuan abisu horia egongo da aktibo muturreko tenperatura altuengatik kostaldean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean. Tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, 36 bueltakoak trantsizio-eremuan eta 37koak Ebro ardatzean.

Gainera, zapatu osoan abisu horia egongo da aktibo Euskadin tenperatura altu iraunkorrengatik.

Eta Euskalmetek ohartarazi du gauetan apenas freskatuko duela. Kostaldean, minimoak nekez jaitsiko dira 20 gradutik behera; barnealdean, berriz, 17-20 gradu ingurukoak izango dira. Aurreikuspenen arabera gaurik beroena zapatutik domekara bitartekoa izango da; izan ere, EAEko eremu gehienetan tenperatura minimoak 20 gradutik ez dira jaitsiko.

Astelehenetik aurrera, hego-osagaiko haizeak indarra gal dezakeela Kantauri isurialdean iragarri dute eta mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize bihur daitekeela. Ondorioz, eremu horretan tenperaturek behera egingo lukete. 

Baso-sute arriskua

Eusko Jaurlaritzak baso-sute arriskuagatik ere aktibatuko du alerta-laranja Araban gaur eta bihar. Eta zapatuan, abisu horia Gipuzkoan ere egongo da, tenperatura altuengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak