"Ni hemen, dirua batzen nire ama eta bi haurrak ekartzeko, eta lurperatuta hil zaizkit guztiak; ez dut dirurik bertara joan eta senideak handik ateratzeko", horixe esan zion Amerika Elkarteko presidente Daniela Pedrozari bere lagunetako batek. Pedrozak berak ere, kolonbiarra izan arren, gertutik bizi du Venezuelan gertatutakoa; bertan jaiotakoa da eta senideak ditu Barquisimeton –onik guztiak–. "Nire bihotza bi herrialderen artean banatuta dago eta Venezuelak jasandako sufrimendu guztia sentitu dut; aurretik, Kolonbiako biolentzia ere sufritu nuen. Sufritzen, gure lekutxoaren bila ibili izan gara, seguru egoteko leku baten bila; baina biolentzia ez denean, hondamendiek kolpatzen gaituzte", dio Pedrozak.
Daniela Pedroza: "Hemengo lagun batek kontatu zidan ama eta bi haurrak hondakinen azpian lurperatuta hil zaizkiola, eta ez duela dirurik bertara bueltatzeko"
Haren esanetan, lurrikara bat gertatzen denerako zutik irauteko presatzen dituzte Venezuelako eraikinak, baina bi aldi berean jasateko ez: "Lurra bizirik dago, eta hondamendiak gertatu egin daitezke. Hala ere, horrelakoak aurreikusi egin behar ditugu. Ustelkeria-delituetan sartuta dauden agintari eta boteredunez inguratuta gauden bitartean, beti izango gara zapalduak; hori da, nire ustez, daukagun arazo handiena".
Laguntza emateko antolatzen
Amerika Elkarteak Venezuelara laguntza humanitarioa eramateko bilketa solidarioa antolatu du. Bertara joango den Gasteizko kontaktu baten bidez eramango dute laguntza. Alabaina, kezka du Pedrozak, laguntza behar dutenen etxeetara iritsiko ote den: "Bertan bizi den jendeak dioenez, laguntza humanitarioa iristen den arren, ez da behar dutenen artean banatzen. Guk lagundu egin nahi dugu, baina mugatuta sentitzen gara". Zalantzak baditu ere, saiakera egingo dutela dio Pedrozak, jendea laguntzeko "prest" dagoela iritzita; batez ere, "hegoamerikar jendea".
IMME elkartean ere laguntza humanitarioa antolatzeko lanetan dihardute. Djamila Zereibyren esanetan, garraioa izaten ari da euren buruhauste nagusia. "IMME elkartean venezuelar ugari daude eta esperientzia daukagu laguntza humanitarioa antolatzen. Ukrainarekin egin genuen bere garaian, eta kasu hartan ere garraioarekin arazoak izan genituen", dio Zereibyk. Hala, garraioa ziurtatzen badute bilketa martxan jarriko dutela esan du.
Djamila Zereiby: "Esperientzia daukagu laguntza humanitarioa antolatzen; horrelakoetan, baina, jasotakoa bertaraino nola garraiatu izaten da arazoa"
Bi elkarteetako ordezkariek diote guztia antolatzea "garestia" dela, eta Udalaren laguntza eskertuko luketela gehitu dute. "Laguntza emateko orduan, gu beti hor egon gara, eta horregatik eskertuko genuke Udalaren edo beste edozein erakunderen kolaborazioa", amaitu du Zereibyk.
Dohaintza egiteko aukera
Amerika Elkarteak bilketa abian du dagoeneko. Umeentzako pixoihalak eta toallatxoak; jateko, arroza, pasta, kontserba-poteak, ura, galletak eta esne-hautsa; eta gasak, tiritak, Isodine, ur oxigenatua, kotoia, parazetamola eta halako sendagaiak eskatu dituzte; arroparik ez. Gaur 18:00etatik 20:00etara eta bihar 12:00etatik 15:00etara egin ahalko dira dohaintzak –Arrasateko Jose Luis Iñarra, 30 helbidean–.