40 urtetan izandako ekainik beroena izan da aurtengoa

Olaia Milikua 2026ko uztailaren 2a

Zarugalde kaleko farmaziako termometroa, ekainaren 22an. (Argazkia: Goiena).

Euskalmetek joan den ekaina lehorra izan dela adierazi du, oro har, eta oso beroa tenperaturei dagokienez. Prezipitazio zaparrada trumoitsuek ere baldintzatu dute oso modu irregularrean. Guztira, 24 abisu hori, 12 alerta laranja eta 3 alarma gorri aktibatu ziren, prezipitazio handiengatik, tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik eta baso-sute arriskuagatik. 

Tenperaturei dagokienez, batez bestekoak 21 °C ingurukoak izan dira kostaldean, eta 20 °C-tik gorakoak Arabako Lautadan; hau da, 1991-2020 aldiko batez bestekoa baino 3,7 °C inguru altuagoak. Gutxienez 1970etik, erregistratutako ekainik beroena izan da, iazko errekorra eta 2003koa 0,6 °C-an gaindituz; bi urte horiek oso antzeko batez besteko balioak zituzten.

Portaera termikoa bereziki baldintzatu zuen hilaren bigarren erdiak. Lehen zatian egun bero eta hotzak txandakatu ondoren, hilaren 13tik aurrera tenperaturek goranzko joera argia hartu zuten, eta hilaren 21etik aurrera aparteko muturreko bero-gertakari bat izan zen. Ekainaren 21etik 27ra bitartean, EAEk ekainean inoiz erregistratutako bero-gertakaririk luzeena bizi izan zuen, eta urteko edozein garaitarako bigarren biziena, bai maximoen batez besteko tenperaturari bai lortutako balio maximoei erreparatuta. Gainera, gauak salbuespenez beroak izan ziren. Lurralde osoan minimoen batez besteko tenperaturari erreparatuta, ekainaren 22ko eta 24ko balioak serie historikoen buruan egongo lirateke, 2003ko abuztuaren 4ko erregistroak ere gaindituta. Hezetasunak eta kalimak nabarmen handitu zuten sargori-sentsazioa, eta kokaleku askotan gaueko tenperaturak balio tropikaletan mantendu ziren, gauean ia arintzerik gabe.

Hona hemen Euskalmetek Debagoienean dituen estazioetan ekainean jasotako tenperatura esanguratsuenak:

Tenperatura altuena ekainaren 24an Arrasaten erregistratu zen: 41,9 gradu (12:50). Minimoa, ostera, ekainaren 18an, Urkulun: 15,8 (05:30ean). Azkenik, batezbesteko tenperatura altuena Arrasaten erregistratu zen; ekainaren 22an: 31,7. 

Prezipitazio urriak, baina gogorrak

Prezipitazioei dagokienez, ekaina mende honetan orain arte izan ditugun hilabeterik lehorrenen artean kokatu da.  Prezipitazio-egunen kopurua ohikoa baino txikiagoa izan da. Kostaldean 6 eta 11 egun artean izan dira; Arabako Lautadan, berriz, apenas izan dira 3 prezipitazio-egun. Gertakaririk nabarmenena hilaren amaieran iritsi zen, aparteko bero-gertakariaren ondoren. Ekainaren 27ko eta 28ko arratsalde-gauetan zaparrada trumoitsu gogorrak izan ziren, eta lurraldearen ekialdeko erdian hileko guztizkoaren zati handi baten erantzule izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak