Hitzarmena Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzeko errektoreordeak eta Javier Olaizola Mondragon Componenteseko Berrikuntza zuzendariak sinatu dute. Zuzendari akademikoa Francisco Javier Asensio EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea izango da.
"Mondragon Components Competence Center (MC3) erakundearekin hitzartu dugun lankidetza honi esker, gure ikasleek eta irakasle eta ikertzaileek goi mailako jarduera garatu ahal izango dute fabrikazio aditibo jasangarrian, adimen artifizialaren esparruko digitalizazio aurreratuan eta inprimaketa funtzionalean. Bereziki interesgarria iruditzen zaigu MC3ren produktuen ikuspegi soziala; besteak beste, adineko pertsonen autonomia sustatzea, uraren kalitatea neurtzeko ekipoak produzitzea edo paziente onkologikoentzako diagnostiko espezializatua garatzea”, azpimarratu du Barandikak.
Gelari jarraipena
Ekimenak EHU–Centro Stirling Gelari jarraipena emango dio, eta lankidetza Mondragon Componentes talde osora hedatzen du. Etorkizunera begira, Gelak praktika akademikoak, prestakuntza duala, Gradu eta Master Amaierako Lanak, ikerkuntza aplikatuko proiektuak, jardunaldi teknikoak eta etorkizuneko doktorego tesiak bultzatzen jarraituko du. Bere jarduera energia sortzeko eta biltegiratzeko teknologia berrien garapenera, sentsorika aurreratura, potentzia elektronikara, industria digitalizaziora, energia berriztagarrien integraziora eta industria eraginkorragoa eta deskarbonizatuagoa lortzen lagunduko duten soluzioetara bideratuko da.
Asensioren hitzetan, “EHU–Centro Stirling Gelaren ibilbidean garatutako hitzarmeneko 20.000 ordu baino gehiagoko kopuruak agerian uzten du unibertsitateak eta enpresak ikuspegi partekatua dutenean ezagutza berrikuntza, talentu eta gure industria sarearentzako benetako aukeretan bihurtzen dela”.