Adinekoen autonomia luzaroan mantentzeko eredu aintzindaria abian da

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 1a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako eredua aurkeztu dute. Proiektuak 12 esku-hartze programa garatuko ditu 24 hilabetez, eta lurraldeko ia 5.000 herritarrei egingo die mesede, aurreikuspenean eta prebentzioan.  

Gaur aurkeztu dute HABICeko Living Laben, adinekoei laguntzeko  modu berria proposatzen duen eredua; beraien autonomia eta gaitasun funtzionalak ahalik eta epe luzeenean mantentzea du helburu, baita bizi proiektua etxean eta komunitatean garatzen jarraitzea ere. 

Prebentzioan oinarritutako ikuspegia indartzen du ereduak, "balio eta aukera handiak" emanda. Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu du "berrikuntzaren bidez prebentzioa indartzea" dela asmoa. Era berean, azaldu du "mendekotasuna agertu aurretik" jardun nahi dutela, "hauskortasun-egoerak garaiz antzemanez eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako programen bidez esku hartuz". 

Orain arte, mendekotasuna agertu ostean jarduten duen ereduaren lekuan; aurreikuspenean, prebentzioan, pertsonalizazioan eta komunitatean oinarritutako ikuspegian jartzen du fokua. Berrikuntza nagusia hainbat irtenbide teknologiko esku-hartze eredu bakar batean integratzea da. 

Ekipamendu ugari eta ibiltaria

Ekipamendua ibiltaria izango da eta udalerri, baliabide eta programa  desberdinen artean mugituko da "ahalik eta pertsona gehienengana iristeko". Eredu hau osatzen duten irtenbideen artean nabarmentzekoak dira: sentsoreen bidezko errehabilitazio-sistemak, entrenamendu kognitiborako softwarea, errealitate birtualeko plataformak, robotika sozialeko gailuak, geolokalizazioa duten erloju adimendunak, botikak kudeatzeko banagailu adimendunak, etxerako sarraila elektronikoak, telebistaren bidez komunikatzeko plataformak, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko aplikazioak, eta zaintzaileen osasuna babesteko diseinatutako exoeskeletoak.

Sei esku-hartze arlo

Arlo fisikoan, Athlon enpresak garatutako ekipamendu terapeutikoa, Neuroreha enpresaren sentsoreen bidezko errehabilitazio-sistemak eta Welks aplikazioa erabiliko dira, jarduera fisikoa sustatzeko. 

Elikaduraren arloan, Bide aplikazioa erabiliko da. Gizarte eta emozio-loturaren arloan, berriz, Inrobics enpresaren robotika sozialeko irtenbidea erabiliko da, eta Vera plataforma ere izango da eskura.

Arlo kognitiboan, Ubikare enpresak garatutako software-a baliatuko da eta OROI enpresaren errealitate birtualeko 68 gailuk estimulazio kognitiboko eta oroimenaren lanketarako programak eskainiko dituzte.

Gaitasun funtzionalaren eta segurtasunaren arloan, ereduak MasOrange enpresaren 468 erloju adimendun izango ditu, BetiON zerbitzuarekin konektatuta; Fagor Healthcare enpresak garatutako 50 botika-banagailu adimendun; eta SALTO enpresaren 60 sarraila elektroniko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak