Katearen Loturak elkarteak, –Gipuzkoako patologia duala duten pertsonen senideen elkarteak– eta Salhaketa Arabak, –askatasunik gabe dauden pertsonen alde lan egiten duen erakundeak–, gutun bateratua helarazi diote Imanol Pradales lehendakariari. Bertan, Zubietako espetxe berriaren inaugurazioan lehendakariak defendatutako espetxe-eredu humanistaren harira, bi elkarteek adierazi dute azken urteotan egindako hainbat eskaeren erantzunik ez dutela jaso oraindik.
Patologia duala
Elkarteetatik diotenez, ebidentzia zientifikoak eta esperientzia klinikoak erakusten dute patologia dualak –osasun mentaleko nahasmendu bat eta mendekotasun bat batera izateak– "arreta integrala, espezializatua eta jarraitua" behar duela. Hori bermatzen ez denean, "nabarmen handitzen dira berrerortzeko, gizarte-bazterketa pairatzeko eta berriz delituak egiteko arriskuak". Horregatik, Jaurlaritzari hainbat galderari erantzuteko eskatu diote. Besteak beste, jakin nahi dute, zein baliabide erabiltzen diren euskal espetxeetan patologia duala duten pertsonen birgizarteratzea lantzeko, zer berme dauden arreta soziosanitario egokia eskaintzeko eta nola aurreikusten den profesional espezializatuen gabeziari aurre egitea.
Bi elkarteek bereziki azpimarratu dute, espetxetik irten ostean patologia duala duten presoen egoerak eragiten dien kezka. Haien esanetan, zigorra bete ondoren pertsona asko instituzioen "babesik gabe" geratzen dira, eta horrek zaildu egiten du benetako birgizarteratzea. Horren harira, espetxe-sistemaren eta komunitateko baliabideen arteko arreta-jarraipenari buruzko informazioa ere eskatu dute, baita tratamenduetara eta gizarte-laguntzetara benetako sarbidea bermatzeko neurriak eta erakundeen arteko koordinazio-mekanismoak ere.
Erantzun "zehatzak" eskatu dituzte
Gutunean adierazi dutenez, "benetan humanista izan nahi duen gizarte batek ezin ditu albo batera utzi aldi berean buru-gaixotasun bat eta mendekotasun bat dituzten pertsonak". Era berean, uste dute birgizarteratzearen arrakasta ez dela neurtu behar espetxetik ateratzen den egunean, baizik eta denboran zehar pertsona horiek integratuta, artatuta eta lagunduta mantentzeko gaitasunaren arabera. Azkenik, Katearen Loturak eta Salhaketa Arabak datu objektiboak, erantzun zehatzak eta neurri egiaztagarriak eskatu dizkiote Jaurlaritzari, euskal espetxeetan eta espetxetik kanpo patologia duala duten pertsonen arreta eta birgizarteratzea nola bermatzen ari den argitzeko.