Bego Atxa: "Urtarrilaren 10ean Sarek segituko du, baina, sorreratik, iraungitzea du helburu"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 29a

2014an sortu zen Sare Herritarra, Euskal Herriko espetxe politikaren norabidea aldatzeko helburuarekin. Orduan, 465 euskal preso zeuden Frantziako eta Espainiako espetxeetan sakabanatuta. Hamabi urte geroago, 114 dira, eta gehienak Euskal Herriko kartzeletan daude; bi heren, erregimen irekian edo gradu progresioan. Zenbakien atzean, ordea, familiak, lagunak, kilometroak eta urteetako aldarrikapenak ezkutatzen dira. Arrasaten egindako agerraldian iragarri zutenez, 2027ko urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestazioa azkena izan liteke. Bego Atxa (Zornotza, 1982) Sareko bozeramaileak argi utzi du azken manifestazio posible horrek ez duela Sareren behin betiko amaiera ekarriko.

Sortu zenetik gaur arte, nola bilakatu da Sare Herritarra? Gure lehen ardatza urruntze politika izan zen. Nahi genuena baino askoz ere astiroago joan da prozesua, baina azken urteetan urruntzea gainditzea lortu da. Hori mugarri handia izan da, zuzenean eragiten zielako presoei, baina baita haien familiei ere. Behin hori lortuta, beste esparru batzuk lantzeko aukera zabaldu da. Balorazioa, oro har, positiboa da. Kexa nagusia erritmoa da: motel joan da dena, baina gaurko egoera duela hamabi urtekoa baino hobea da, eta hori albiste ona da.

Sakabanaketa gaindituta, zein da orain lehentasun nagusia? Urruntze politikak amaitzea sine qua non bat zen, gainontzeko aldarrikapenekin jarraitzeko. Presoen aferan milaka aldarrikapen egin daitezke, dena den; hasieratik planteatu genuen prozesu batzuetan urratsez urrats joatea zela eraginkorrena. Hala ere, zilegi izango litzateke dena exijitzea, eskatzen dugun gauza bakarra legedia errespetatzea da eta: salbuespen neurriak gainditzea eta presoen eta iheslarien behin betiko etxeratzea ahalbidetzea.

"Euskal preso eta iheslariengan salbuespen neurririk ez aplikatzea da gure eskaera"

Prozesu geldoa izan dela diozue. Ez genuen egutegi zehatzik markatuta, baina beste bake prozesu batzuen erreferentziak genituen eta pentsatzen genuen bidea azkarrago egingo zela. Aurrerapausoak egon dira, baina oso modu geldoan eman dira, eta horrek sufrimendua luzatu du.

Maixol Iparragirreren eta Karasatorreren kasuetan, epaileek zalantzan jarri dute 100.2 artikulua aplikatzeko modua. Oztopo berriak dira? Helegiteak, berez, oztopo dira, baina egia da ez direla kasu guztietan gertatu. Epaile guztiek ez dute modu berean jokatu. Batzuek tratamendu batzordeek eta espetxe administrazioak hartutako erabakiak berresten dituzte; beste batzuek, ordea, fiskaltzaren helegiteei bide eman eta 100.2 artikuluaren aplikazioa edo hirugarren graduak atzera botatzen dituzte. Guk uste dugu presoaren ibilbidea ondoen ezagutzen dutenak tratamendu batzordeak direla, eta haien irizpidea zalantzan jartzeak profesionaltasuna bera kolokan uzten duela. Bestalde, epaileen egitekoa legea aplikatzea dela uste dugu, ez interpretazio murriztaileak egitea.

Euskal presoei ez zaie legedia berdin aplikatu? Euskal presoek urte luzez ez dute gainontzeko presoen tratamendu bera jaso. Orain legeak aurreikusten dituen tresnak aplikatzen hasi direnean, oztopo berriak agertzea kezkagarria da. Horregatik, Saretik espero dugu ebazpen horiek ez bihurtzea etorkizunean salbuespenezko irizpide edo doktrina berri baten abiapuntu. Eskatzen dugun bakarra legea den bezala aplikatzea da.

Gaur egun, zein da konpondu gabe dagoen korapilo nagusia? Salbuespenezko legedia gainditzea. Oraindik badaude gradu progresiorik edo 100.2 artikuluaren aplikaziorik jaso ez dutenak. Datuak mahai gainean, legea normaltasunez aplikatuko balitz, gaur egun dauden preso gehienek beteak izango lituzkete progresio horiek jasotzeko baldintzak.

Indarra hartzen ari diren eskuineko eta eskuin erradikaleko diskurtsoek eragin dezakete prozesuan? Legearen aplikazioan ez dute eragin zuzenik, baina bai gizartearen pertzepzioan. Diskurtso horiek mezu okerrak zabaltzen dituzte eta eragina izan dezakete herritarren jarreran eta mobilizatzeko prestutasunean. Horregatik dira kaltegarriak. Ez hainbeste eragin juridikoagatik. 2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioa azkena izatea nahi duzuela esan duzue. Argi utzi gura dugu nahi bat dela eta horrek ez duela Sareren behin betiko desagerpena ekarriko. Garrantzitsua da bidea egitea, baina baita helmuga bat izatea ere. Azken urteetan aurrerapausoak eman dira: sakabanaketa amaitu da, gradu progresioak eta 100.2 artikuluaren aplikazioak gero eta ohikoagoak dira. Bide horrek bere horretan jarraitzen badu, zentzuzkoa da pentsatzea fase hau amaierara irits daitekeela.

Zergatik aukeratu zenuten Arrasate agerraldirako? Beste behin ere, bertan egin genuen, eta harrera oso ona izan genuen. Herri aproposa da eta baldintza egokiak eskaintzen zituen. Ez dago bestelako arrazoi korapilatsurik.

Urtarrilaren 10ean, Sare egongo da? Bai, noski. Gure helburua hasieratik izan da egunen batean beharrezkoak ez izatea. Horregatik esaten dugu hiltzeko jaio ginela. Azken manifestazioa egiteak ez du esan nahi bat-batean desagertuko garenik. Ez dugu inor atzean utziko. Egoerak eskatzen dituen dinamiketara egokituko gara. Presoen egoera aldatzen bada, gure lana ere aldatuko da. Baina Sarek jarraituko du behar den bitartean.

"Erakutsi anhi dugu herri honek bakearen eta elkarbizitzaren aldeko borondatea duela"

"Inoizko esfortzu kolektiborik handiena irudikatzeko unea" dela adierazi duzue. Euskal gizarteak etapa hau behin betiko gainditzeko gogoa dauka. Prozesua luzea eta geldoa izan da, eta urtarrileko manifestazioan hori islatu nahi dugu: herri honek bakearen eta elkarbizitzaren aldeko borondate argia duela. Zenbat eta jende gehiago bildu, orduan eta agerikoagoa izango da zabalduko den mezua. Ezin dugu egoera hau beste 15 urtez luzatzen jarraitu. Dagokionak ikus dezala gizarte zibilaren borondatea zein den.

Nori zuzenduta dago urtarrileko deialdia? Adskripzio politikotik harago, elkarbizitzarako eta bakerako gogoan duen orori, eta horretan eragin nahi duen edozein herritarrentzat da deialdia. Sare herritarra da, eta herritarrak dira Sare. Gure helburuak partekatzen dituen oro ongietorria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak