2028an itzuliko da Danbaka

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 23a

2024ko Danbaka irabazi zuen Oñatiko Malko taldea, sariarekin.

2022ko eta 2024ko edizio arrakastatsuen ostean, Danbaka Musika Lehiaketak atseden hartuko du 2026an. Geldialdi bat, etorkizuna bermatzeko. Izan ere, 2028an itzuliko da Danbaka, Debagoieneko musika taldeentzat erakusleiho izateko helburuari eutsiz.

Goiena Komunikazio Taldeak Danbaka 2004an sortu zuenean, bi urtean behin egiteko asmoz sortu zuen. Eta ederrak izan ziren 2004ko, 2006ko, 2008ko eta 2010eko Elgetako Espaloia Kafe Antzokiko edizioak. Gero, etenaldi luzea etorri zen, arrazoi ezberdinak zirela medio, eta 2022ra arte ez zen egin. 

Eta 12 urteko lozorroaren ostean, 2022an indartsu itzuli zen Danbaka, Bergarako Seminarixora lekuz aldatuta, Debagoieneko askotariko musika proiektuak protagonista, aurreko edizioetan bezala. 2022ko bosgarren aldiaren ostean, 2024an seigarrena antolatzera animatu zen Goiena eta 2026rako prestaketekin hasita geundela, hausnarketa sakon bat medio, atseden hartzea erabaki da: "Batzuetan, etorkizuna bermatzeko geratzen jakin behar delako". 

Lapikoa salda berriaren zain dago 

Ibilbide emankorreko musika taldeek etenaldiak egin ohi dituzten bezala, etenaldi bat egitea erabaki du Danbakak, etorkizunean ere orain arte bezain emankorra izan dadin: "Zergatik? Sentsazioa dugulako Debagoiena oso bailara musikazalea izanda ere, ez duela azken bi urteetan halako ekimen bat antolatzeko beste proiektu berri eman. Alegia, salda berriaren zain dagoela lapikoa, eta su-txikian kozinatzen dena beti denez zaporetsuagoa, zazpigarren edizioa 2028an antolatzea erabaki dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak