Debagoieneko pentsiodunak: "Adinekoen Hiri Lagunkoien Biltzarrean parte hartzea ukatu zaigu"

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 17a

Donostiako Kursaal jauregian egin zuten atzo Hiri eta Komunitate Lagunkoien Nazioarteko Biltzarra, eta Debagoieneko pentsiodunak eraikinaren kanpoaldean elkartu ziren, gonbidatuak izan ez zirela salatzeko.

Adierazi dutenez, topaketa horretan hitza hartzea eta haien iritzia ematea gustatuko litzaieke, baina aukerarik gabe utzi dituzte, "2025eko irailean Eusko Legebiltzarrean betoa jarri ziguten bezala". 

Kongresuaren antolatzaileei –Osasunaren Mundu Erakundea eta Imserso– eskatu diete gutxieneko pentsio eta gutxieneko soldata duinak, mendekotasuna dutenentzako arreta integrala eta osasun zerbitzu unibertsalak bermatzea.

Irailean itzuliko dira aldarrikapenak

Horixe izan da Debagoieneko pentsiodunen uda aurreko azken elkarretaratzea. Joan den zapatuan tonu alaiagoan egin zuten bat, "lagunartean, mokadu eta trago bat hartuta". 

Datorren irailaren 14ra arte oporrak hartuko ditu mugimenduak, orduan itzuliko baitira bailarako herrietako plazetara, "pilak energiaz beterik". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak