Prentsa-ohar bidez adierazi dute 2025a abere eskasiak markatu duela: "Horrek eragin zuzena izan du ekoizpen datuetan. Zubillagan, guztira 1.535.195 kg ekoitzi dira, 2024an baino %3 gutxiago". Jaitsiera hori behi aziendan nabaritu dela batez ere (-%3,5) azaldu dute; beste sektore batzuek, ostera, hazkunde garrantzitsuak izanik: ardi aziendak %5eko igoera eta zaldi aziendak %15ekoa. "Baldintza gogorrak izan arren, lehengai gutxiago, ekoizpen maila iazko datuen oso antzekoetan mantentzea lortu da".
Ekoizpenaren %30 Gipuzkoatik
Zubillagak "eskualdeko zerbitzu gisa duen indarra" agerian geratu dela nabarmendu dute eta datu batzuk eman dituzte: ekoizpenaren %43 Bizkaitik iritsi zaie eta %30 Gipuzkoatik. Beste bi hiltegi gehiago egon arren Gipuzkoan, Tolosako hiltegia ixtean hango hainbat baserritarri zerbitzua ematen hasi da Zubillaga, "posizioa indartuz".
Jakinarazi dute ekoizpen osoaren %16 kontsumitzen dela sozietateko herrietan, eta zatitze zerbitzuaren erabilera egonkor mantendu dela bazkide diren herrien artean (zerbitzuaren %43 harakinek erabiltzen dute).
Bestetik, 2025 amaieran Gipuzkoako abeltzain talde batekin akordioa lotu zutela iragarri dute, astero BM-Uvesco taldeari hamazazpi txahal hornitzeko.
Zerbitzuaren bideragarritasuna
2024ko emaitza negatiboak gaindituta 2025eko ekitaldia irabazi garbiekin itxi dutela jakinarazi dute: "Emaitza honek zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzen du, kudeaketa gastuen kontrolari eta zatitze zerbitzuaren sendotasunari esker". Eta gaineratu dute "funtsezko zerbitzua" dela: "Zubillagak erakutsi du baldintza ezegonkorretan ere, funtsezko zerbitzua izaten jarraitzen duela lehen sektorearentzat eta tokiko kontsumoarentzat".