Kadete mailako Euskadiko Txapelketa jokoan, Bergaran eta Oñatin, bihar eta etzi

Xabier Urtzelai 2026ko ekainaren 12a

Iazko San Antonioko erlojupekoan, ziklista bat Espoloira bidean, Bergaran. Goiena

San Antonio sariak eta Olakuako probak EAEko promesak batuko ditu asteburuan Debagoieneko errepideetan. Bergarakoa erlojupeko proba da, eta Oñatikoa 58 kilometrotako errepideko lasterketa.

Kadete mailako txirrindulariek ez dituzte asteburuan jokatuko dituzten Euskadiko Txapelketetara joateko autoz kilometro asko egin beharko, ez behintzat debagoiendarrek. Izan ere, Debagoienean izango da hitzordu bikoitza, Bergaran zapatuan –erlojupekoa– eta Oñatin domekan –errepideko lasterketa.

Bergarakoa San Antonio sariaren 89. edizioa izango da, eta azken urteotan bertan jokatu dute kategoria horretako Euskadiko erlojupeko txapelketa. Egin beharreko lanak zazpi kilometro dituen zirkuituan pilatuko zaizkie: San Antoniotik irten –17:00etan irtengo da lehenengoa–, Antzuolara joan eta San Antoniora buelta, Espoloian bukatzeko. Iaz 140 ziklista inguru batu ziren, eta Naxara Odriozola (ZUK Limousin) eta Ieltxu Santana (Invitec Iturribero) izan ziren onenak.

Domekan Oñatin

Zapatuko esfortzu labur baina gogorretik lehenbailehen errekuperatuta, domekan Oñatiko Olakua auzoko irteera puntuan batuko dira denak, 16:00etan. Hor, ziklistek 58 kilometrotako lasterketa izango dute. "Bergarakoa eta Oñatikoa bereizita dauden probak dira, alegia, ez dira bi lasterketetako puntuak batuko Euskadiko txapelduna nor den erabakitzeko. Bergarako erlojupekokoak irabazle batzuk izango ditu, eta Olakuako probak beste batzuk", adierazi dio GOIENAri Aloña Mendiko presidente Aitor Atorrasagastik. Ziklistek Oñatitik Bergararako bidea hartuko dute, eta handik bueltan, Udana igo eta Telleriarten, ia Legazpin, buelta erdi hartuko dute. "53. kilometroan aldaketa txiki bat sartu dugu, ustez obra batzuk hasita egon behar zirelako. Ziklistek Santipillauko malda beharrean Arregikoa igo beharko dute, apur bat gogortxoagoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak