Hilabeteetako lan tekniko eta politikoaren ondoren, alderdi nagusiek bat egin dute sistema "egonkor, bidezko eta jasangarriago" bat ezartzeko. 2026an indarrean jarriko den konfigurazio berriak, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren finantzaketa-ereduaren bilakaeran aurrerapena ekarriko du. Berrikuntza nagusia errefusaren eta biohondakinaren (organikoa) arteko tarifa bereizia da.
2026rako, errefusaren tarifa 231 eurokoa izango da tona bakoitzeko, tratamenduaren benetako gastua islatuz. Aldiz, bihondakinaren tarifa, 99 eurokoa izango da, errefusaren kostuaren %43aren baliokidea gutxi gorabehera. Prezioen arteko alde nabarmen honekin, jatorrizko bereizketa eta gaikako bilketa bultzatu nahi dira, hondakin organikoak behar bezala sailkatzea onura ekonomiko zuzena bihurtuz.
Errefusaren tarifa 231 eurokoa tona bakoitzeko; bihondakinarena aldiz, 99 eurokoa tonako.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, "akordio hau urrats erabakigarria da lurraldeko ingurumen-helburuekin bat datorren sistema bidezkoa eta gardena finkatzeko". Asensiok era berean, sentsibilitate politiko desberdinen arteko akordio sendo bat eraikitzeko gai izan direla baieztatu du "interes orokorra, sistemaren jasangarritasuna eta mankomunitateei egonkortasuna eskaintzeko beharra aurretik jarrita".
Jon Ander Azpiroz GHK-ko presidenteorde eta EAJko ordezkariak azpimarratu du akordioak ziurtasuna eta egonkortasuna ematen diela Gipuzkoako azpiegiturari. Herritarren "ahalegina eta konpromisoa eta jasangarritasunaren aldeko apustua" aitortzen dituela ere nabarmendu du.
Eñaut Gracia, GHK-ko Administrazioko kide eta EH Bilduko ordezkariak herrien arteko desoreka gainditzean jarri du arreta, azaldu du herri batek duen portaera onak sari bera izango duela, kide den mankomunitatea edozein dela ere.
Azken finean, azaldu dute sistema berri honek: hondakinen lurralde-plangintzan jasotako helburuak indartu, herritarrek ahalegina aitortu eta materia organikoaren bilketa bultzatuko dituela. Epe luzera "sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzen duen eredua" finkatu nahi dute.