Bi debagoiendar izango dituen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 9a

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Talde Motorra gaur, Bilboko Kafe Antzokian. (Irudia: Bertsozale Elkartea).

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Bertsolaritzak duen hitzordu garrantzitsueneko kanporaketak Hazparnen hasiko dira, irailaren 19an, eta, final handia, abenduaren 20an izango da, Nafarroa Arenan. Debagoieneko bi ordezkari ariko dira lehen fasean: Hazparneko estreinako saioan Peru Abarrategi aramaioarrak kantatuko du, eta, urriaren 3an, Donapaleun, Maider Arregi oñatiarrak. 

Guztira, 50 bertsolari –izena eman zezaketen guztiak– eta 15 saio izango dira hemeretzigarren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lau urtez behin egiten den txapelketa hau da, hain zuzen, bertsolari batendako plazarik handiena, eta, herrialdeetako txapelketetan bertan izateko txartela eskuratuta ariko dira Peru Abarrategi (Aramaio 1997) eta Maider Arregi (Oñati, 1996). 

Abarrategi, Hazparneko lehen saioan

Lehen kanporaketan zazpi saio izango dira guztira –Euskal Herriko probintzia bakoitzean bana–. Oholtzara igoko den lehenengo debagoiendarra ikusteko ez dugu askorik itxaron beharko; irailaren 19an, Hazparnen –Lapurdi– jokatuko den lehen saioan ariko delako aramaioarra. Aldamenean izango dituenak, Eki Mateorena, Maddi Ane Txoperena, Miren Artetxe, Unai Anda eta Xabat Galletebeitia dira, eta, gai-jartzailea Aritz Bidegain izango da. 

Arregi, Donapaleun

Maider Arregik, urriaren 3an kantatuko du, Donapaleun –Behe Nafarroa–. Eneko Lazkoz, Iñaki Viñaspre, Oihana Iguaran, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles izango dira besteak, eta gai-jartzaile ariko da Xalbat Alzugarai. Guztira, 24 bertsolari igaroko dira finalerdietara: Lehen faseko 17 bertsolari eta 2022ko txapelketako 7 finalista. Lehen faseko saio bakoitzeko bertsolaririk onena zuzenean igaroko da finalerdietara, eta, gainontzekoen artean, puntuazio onena lortzen dutenak igaroko dira. Arregik zein Abarrategik honako lan hauek egin beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Ziklo baten amaiera

Bertsozale Elkartea osatzen duten kideek, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Aurkezpen ekitaldian hitza hartu dutenen artean, Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Oier Iurramendi, txapelketako arduradun Udane mugerza eta lehendakaritza taldeko kide Ainhoa Urien izan dira. Horiekin batera, Arabako Elkartetik Ekaitz Elorriaga, Bizkaikotik Belate Olabarria, Gipuzkoakotik Oihana Aranguren, Ipar Euskal Herriko Bertsularien Lagunak Elkartetik Aritz Bidegain eta Nafarroakotik Nerea Bruño ere egon dira.

Txapelketak udazken osoa iraungo du, eta, antolatzaileek, bertsoa, kultura eta euskara "mapan kokatzeko" baliatu gura dute unea. Izan ere, " Izan ere, kultura eta euskara ito nahi duten honetan, hitza giltza eta euskara funtsa dituzten diziplinak arnasgune eta arnasaldi dira". Bide batez, azaldu dute, lau urteko beste ziklo bati amaiera emango diola txapelketak: "Ingurura ez ezik, barrura begiratzeko, horretarako heldulekuak ematen baititu bertsolaritzak.  Txapelketak ere balio du momentuaren eta lau urteko aldiaren argazkia ateratzeko".

Sarrerak, ekainaren 17an

Bertsolari Txapelketako sarrera guztiak hilaren 17an jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian. Udane Mugerzak azaldu duenez, Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. Horrekin batera, txapelketa osoko bonua eta saio guztietarako sarrerak prezio murriztuan eskuratzeko aukera ere badute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak