Kontseiluak azaldu duenez, larunbateko martxak hiru zutabe izango ditu, euskararen aldeko hiru aldarri nagusiren inguruan antolatuta. Euskararen ofizialtasun osoa eskatzen duen pankarta Patxi Huarte 'Zaldieroa'-k diseinatu du; hizkuntza politiketan jauzia emateko beharra aldarrikatzen duena Asisko Urmenetarena; eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko beharra azpimarratzen duena Malen Amenabarrek sortua. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira hiru zutabeak Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik, eta Gazteluko Plazan egingo dute bat.
Zutabeen hasieran gizarte eragileek irakurriko dituzte pregoiak eta botako dituzte txupinazoak. Runako Parkean, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz mugimenduko kideek hartuko dute hitza, Antoniuttin, Batuz Aldatu ekimeneko ordezkariek; eta Askatasun Enparantzan, euskarazko eduki sortzaileek. Antolatzaileek gogorarazi dute autobusez Iruñera iritsiko diren herritarrak Askatasun Enparantzara bideratuko dituztela, autoz doazenak Antoniuttira eta ordurako hirian daudenak Runako Parkera.
Debagoienatik autobusak
Mobilizazioari begira, Debagoienan ere hainbat autobus antolatu dituzte. Arrasatetik eta Aretxabaletatik AEDk autobus zerbitzua jarriko du; Aretxabaletan Azbetik 09:45ean aterako da eta Arrasateko Zalduspetik 10:00etan. Txartelak Loramendi Euskara Elkartean eta AEDren egoitzan eros daitezke.
Bergaran, EHEk eta Jardun Euskara Elkarteak antolatu dute autobusa. Goizeko 10:00etan irtengo da autobus geltokitik eta 20:00etan egingo du itzulera. Txartelak 15 eurotan daude salgai Ganbara eta Pol-Pol tabernetan zein Jardunen bulegoan.
Oñatin, berriz, Aixotu taldeak antolatu du autobusa; 10:00etan abiatuko da herritik eta mobilizazioa amaitu ondoren itzuliko da. Txartelak 15 eurotan eros daitezke Otamendi tabernan.