Begirada intersekzionala izan zuen ardatz atzo Getxoko Romo Kultur etxean egindako Biharko Taupada jardunaldiak. Urtero Taupa euskaltzaleen mugimenduak antolatzen duen Taupada jardunaldia Bihar Nazioarteko Kongresuarekin uztartu da aurten, eta hortik sortu da Biharko Taupada jardunaldia. Jardunaldian izan ziren irailean egingo den Bihar Nazioarteko Kongresuaren lau antolatzaileak: Soziolinguistika Klusterra, Plazara, Garabide eta Taupa, eta baita jardunaldiaren babesle diren Getxoko udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziko ordezkariak ere.
Lehenengo hitzaldian Julene Samuel eta Manu Moreno Taupako kideek azaldu zuten Kongresuaren bigarren fasean hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko kontakizunen inguruko ikerketaren emaitzak euskal eragileekin partekatu dituztela. Halaber, ikerketak lau dimentsio nagusi identifikatu dituela nabarmendu zuten: dimentsio sinboliko-ekologikoa, politika eraldatzailea, balio pragmatikoa eta erantzukizun partekatua.
Atsedenaldiaren ondoren, Onintza Olaizola Taupako Herrigintza arloko arduradunak hartu zuen hitza, eta "euskaltzaletasuna modu berrietan pentsatzeko gonbidapena egiten du ikuspegi intersekzionalak: ez nortasun itxi gisa, baizik eta gero eta jende gehiagok partekatu dezakeen konpromiso ireki gisa” , adierazi zuen. Ikuspegi hori lantzeko, Miren Artetxek, Aritz Landetak eta Leo Bueriberik hitzartze bana egin zuten eta feminismoaren, mugimendu ekosozialaren eta antiarrazakeriaren betaurrekoekin begiratu zioten euskarari: Artetxek adierazi zuen intersekzionalitatea euskalgintzan presente dagoela, baina ez dela nahikoa lantzen; Landetak, berriz, krisi ekosozialak eta globalizazioak hizkuntza gutxituen egoera okertzen dutela; eta Bueriberik ama hizkuntzari, identitateari eta hizkuntzen arteko bizikidetzari buruzko hausnarketa pertsonalak partekatu zituen.