Diputatuekin batera, Jose Perez Berdud Automationen zuzendari nagusia, eta haren lekukoa hartuko duen Aitor Etxebeste izan dira. Zuzendaritzak hazkunde-estrategiaren eta sektorearen eraldaketa teknologikoari lotutako erronken berri eman die diputatuei. Ondoren, instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dute Fagor Automation eta bere baitako Smart Encoder Systems (SES) negozio-lerro berria ere.
SES negozio-lerroa
Fagor Automation makina-erremintaren sektorearekin historikoki lotuta egon den arren, azken urteetan dibertsifikazioaren alde egin du, zehaztasun, egonkortasun eta fidagarritasun handia eskatzen duten industria-sektore berrietara zabalduz. Horren adibide da, hain zuzen, SES negozio-lerroa, industria-aplikazio aurreratuetarako doitasun handiko mugimendua neurtzeko eta kontrolatzeko balio duen sistema.
"Berrikuntza, lehiakortasuna eta eredu kooperatiboa"
Mendozak nabarmendu duenez, "Fagor Automation berrikuntzak enpresei hazteko eta merkatu global zorrotzetara egokitzeko aukera ematen dien adibide argia da". Gainera, azpimarratu du konpainiak lehiakortasuna indartzeko funtsezkoak diren hiru ardatzak uztartzen dituela: espezializazio teknologikoa, nazioartekotzea eta dibertsifikazioa, eta, gainera, eredu kooperatiboa dela.
Bestalde, Jose Perez Berdudek industria aurreratuetarako zehaztasun handiko teknologien aldeko apustua berretsi du, bezeroen beharrei eta merkatuaren eskakizunei erantzuteko helburuarekin.
Nazioartean errotua
Gaur egun, 50 herrialde baino gehiagotan presentzia du Fagor Automationek. Bisita honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko industria berritzaile eta lehiakorrarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du.