Hainbat herritako Udal zerbitzuak itxita egongo dira eguenean, langileen greba dela eta

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 3a

Oñatiko hainbat udal langile gaur, eguaztena, egindako elkarretaratzean.

Eudelek eta sindikatuek osatutako negoziazio-mahaia bildu zen maiatzaren 29an . Sindikatuek onartu arren aurrerapausoak eman direla adierazi dute "ez direla nahikoak". Horregatik ekainaren 4rako beste greba egun bat deitu dute eta Debagoieneko hainbat herritako Udal zerbitzuetan izango du eragina horrek.

Oñatin itxita egongo dira honako zerbitzuak: kiroldegia, kultur etxea, Emakumion Etxia, Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta euskaltegia eta Oñati Irratiak ez du emanaldirik egingo. Era berean, gutxieneko zerbitzuak ezarri dira alkate dekretuz: udaletxeko HAZ zerbitzua zabalik izango da eta bermatuko dira dokumentuen erregistroa eta telefono arreta. Udaltzainek normaltasunez egingo dute lan eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka.

Oñatiko kultura etxeko atea greba egunaren berri emanaz.

Antzuolan aurreko greba deialdian legez, oraingoan ere langileen  %90ak egingo du lanuztea, eta ondorioz, udaletxea itxita egongo da eta udal eraikin batzuk zabalik; honako hauek: gimnasioa, frontoia eta futbol zelaia.

Aretxabaletan ere udaletxea itxita egongo da, baita udal liburutegia eta Tril Txoko Feminista ere.

Arrasaten hainbat langilek egingo dute greba, eta, zenbait zerbitzu itxita egongo dira, besteak beste, Udal Biblioteka eta Musakolako kiroldegia; ondorioz, azken horretan ematen diren ikastaroak bertan behera geratuko dira. Uarkapeko gimnasioa, ostera, irekita egongo da eta ikastaroak normaltasunez emango dituzte.

Bergaran Seminarixoa itxita egongo da. Bihar zerbitzu gehiago egon daitezkeela itxita adierazi dute.

Bergarako Udalaren biltegian greba deialdia iragartzen duen kartela.

Eudelen proposamena bost eremutan

Negoziazio-mahai berri bat bildu zen maiatzaren 29an eta Eudelek "aurreakordiorako proposamen bat" aurkeztu zien sindikatuei, EAEko udalen Udalhitz hitzarmena osorik berritzeko. Eudelen asmoa zen dokumentu hori oinarri izatea akordio bat lortzeko, eta, horrela, hurrengo agintaldiari begira, EAEko 23.000 udal-langile publiko baino gehiagoren erreferentziazko hitzarmena berritu ahal izatea.

Testuak "90 hobekuntza-neurri" inguru dituela azaldu du Eudelek, bost eremutan banatuta: soldatak eta ordainsariak; lizentziak eta kontziliazioa; berdintasuna eta telelana; lan-osasuna, karrera profesionala eta lanaldia; eta plantillak gaztetzea. Horren helburua hirukoitza izanik: langile publikoen lan-baldintzak hobetzea; tokiko erakundeen eraginkortasuna indartzea; eta aurrera egitea herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatean. Era berean, Eudelek proposatzen du Udalhitz berriaren indarraldia 2026-2032 aldirako luzatzea.

Mobilizazioak "indartzeko" deia

ELAk adierazi du proposamenak zenbait hobekuntza jasotzen dituela baina uste du neurri horiek "ez direla nahikoak eta ez dietela erantzuten sektorearen aldarrikapen nagusiei". Hutsune nagusien artean honako hauek aipatu dituzte, besteak beste: erosahalmena bermatzen ez duten soldata igoerak, belaunaldi-erreleborako planik eza eta lanaldiaren 32 ordura murrizteko proposamenik ez izatea. Horregatik "mobilizazioak indartzeko" deia egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak