Azterketak euskaraz egin ahal izatea Euskal Herri osoan eskatu dute

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 3a

Eibarren elkartutakoak. (Argazkia: EHE)

Euskaraz bizitzeko, azterketak euskaraz! aldarri hartuta eta Unibertsitateetako euskara taldeek, Ikamak eta Euskal Herrian Euskarazek deituta elkartasun argazkiak atera zituzten atzo goizean, selektibitatearen hasiera egunean, Euskal Herriko hainbat fakultatetan. Hala, elkartasuna adierazi gura izan diete baxoko matematikako azterketa euskaraz egingo duten ikasleei eta azterketa horiek euskaraz zuzentzeko prest dauden irakasleei.

"Euskaldunoi egunero ukatzen zaigu euskaraz bizitzeko eskubidea. Uneoro, bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte eta gure eskubideak behin eta berriz zapaltzen dizkigute", adierazi dute ohar bidez eta zapalkuntza horren adibide gisa eman dute "Ipar Euskal Herriko gazteek pairatzen" dutena. Izan ere, baxoko azterketa frantsesez egitera behartuta daude: "Erabaki politiko horren atzean, nahi argi bat dago: euskararen normalizazio prozesua oztopatzea eta, azken buruan, euskararen desagerpena sustatzea". 

Aurten, matematikako aztergaia sartu dute berriro baxoan eta ikasleei ukatu egin diete euskaraz egin ahal izatea. Seaskako hainbat ikaslek, baina, desobedientziara jo eta azterketa hori euskaraz egitea erabaki dute. Era berean, 175 irakasle prest agertu dira azterketak euskaraz zuzentzeko. "Joan den ostiralean, Frantziar Estatuak Seaskari iradoki dionez, euskaraz erantzundako matematikako azterketak ere zuzendu egingo dituzte. Erabaki hori zuen borrokari esker etorri da, beraz, zorionak!"

Hori horrela, Euskal Herriko hainbat fakultatetan, selektibitate egunean –horien artean Eibarren, debagoiendarrak batu ziren fakultatean–, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu gura izan zuten eta babesa adierazi "baxoko azterketan desobedientziara joko duten ikasle eta irakasle guztiei".

Ekainaren 13an Iruñera joateko deia

Atzo batutako taldeek beste gonbidapen bat ere luzatu diete euskal herritarrei. Euskaltzaleon Martxa egingo da ekainaren 13an Iruñean eta han parte hartzeko deia egin dute: "Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatuko dugu, Euskal Herri osoan azterketak euskaraz egiteko nahiz hezkuntza euskalduna izateko eskubidea barne!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak