"Egoera nahasian moldatzeko gaitasuna" nabarmendu dute Fagorreko batzar nagusian

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko maiatzaren 30a

Joxan Alustiza Fagorre lehendakaria, batzar nagusian.

Atzo egin zuen Fagorrek bere urteroko batzar nagusia, eta bertan, besteak beste, hamasei urteko ibilbidearen ostean Joxean Alustizak agur esan zuen lehendakari moduan. Bere tokia Mondragon Assembly kooperatibako lehendakari Igor Herrartek hartuko du.

2025eko emaitzak, urtean zehar abiarazitako proiektuak eta aurrera begirako erronkak izan ditu hizpide Fagor Taldeko batzar nagusian. 2025ean, osotara, 1.735 milioi euroko salmentak izan zituen Fagor Taldeak.

“Beste urte batez, Fagorreko kooperatibek berretsi dute egoera zailei aurre egiteko eta berrietara moldatzeko gai direla. Mundu mailako testuinguruek merkatuen ezegonkortasuna eragin dute, eta, egoera horretan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izan dira”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak.

Fagorreko ordezkarien esanetan, "enpresa txinatarrak Europako merkatuan sartu ondotik aldatu egin dira egiteko erak", eta “berrasmatu beharra” egon da. Fagor Ederlan, esaterako, "azken urratsak egiten ari da Leapmotor marka txinatarraren auto elektrikoen zenbait modelorentzat egiturazko osagaiak hornitzeko" —Zaragozako ekoizpen lantegia egokitu eta berrirekiko du horretarako—. Egiteko erara mugatu barik, "dibertsifikazio estrategietan sakontzen" ere ari dira Fagorreko kooperatibak. Horren adibide da Fagor Arrasatek, Funditec ikerkuntza zentroarekin batera, robot humanoide industrialak diseinatzeko, garatzeko eta fabrikatzeko egin duen apustua.

Lehendakari aldaketa

Gainera, atzoko batzar nagusian, hamasei urteren ostean, presidente moduan agur esan zuen Joxean Alustizak. Bere kargua Mondragon Assembly kooperatibako lehendakari Igor Herrartek hartuko du. Alustizak, hunkituta, bidelagun izan direnei eskerrak emanez bukatu du lehendakaritza: “Ohore bat izan da urte luze hauetan Fagorreko lehendakari izatea. Esker on hitzak besterik ez dauzkat konfiantza eskaini didazuen kooperatibetako kideentzat. Lasai noa, Fagorrek bere esentzia mantentzen duelako; eta pozik noa, etorkizun handia eta oparoa ikusten diodalako hain gurea den proiektu kooperatibo honi”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak