Batuz izenarekin ekingo du etapa berria Emaus Gizarte Fundazioak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 29a

Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidearen ostean, Emaus Gizarte fundazioak eguaztenean Batuz izen eta marka berria aurkeztu zuen; aro berri baten hasiera irudikatu nahi dute. 

Batuz marka berriarekin 2024an hasitako eraldaketa estrategikoko prozesuari amaiera emango zaio. Misio eta ikuspegi berrituak dituzte, baita gobernantza eredu berria ere. Izena elkartu eta komunitatean eraikitzearen ideiak josten dituela adierazi dute: "etapa berria definitzen duen ikuspegi komunitarioa indartuz". 

Plan estrategiko hori fundazioaren bilakaeraren erakusle da eta behin garapena finkatuta markaren aldaketara pasatu dira. Bost erronka nagusi finkatu dituzte: "Erakunde gisa, ikuspegi bateratua eraikitzea; parte-hartzean oinarritutako eta helburura bideratutako gobernantza-eredua garatzea; kanpoan duen posizionamendua eta aitortza indartzea; pertsonetan eta prozesuetan oinarritutako lan-eredua finkatzea; eta eredu ekonomiko-finantzario iraunkorragoa lortzeko bidean aurrera egitea. 

Era berean, eraldaketa komunitarioaren eragile gisa kokatu da: "pentsamendu kritikoa, herritarren parte-hartzea eta komunitate justuagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak" eraikitzeko prozesu kolektiboak bultzatu nahi ditu. 

Bestalde, erakundearen jardun-eremua beste espazio batzuetara ere zabalduko da, hala nola kultura, hezkuntza, kirola eta industria. Azaldu dute estrategia berriak ikuspegi integral batetik antolatzen duela bere esku-hartzea, elkarri lotuta dauden hiru mailatan egituratuta: komunitatea, pertsonak eta planeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak