Igandean estreinatuko da 'Matx' podcastaren bigarren denboraldia

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 29a

Tokiko kirolaren sare sozialak, bere podcastaren bigarren denboraldia estreinatuko du igande gauean (21:00). Nahia Zudaire igerilaria izango da lehen gonbidatua eta sare sozialeko kideek, besteek baino ordubete lehenago ikusi ahal izango dute saioa.

Goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusten jarraituko du Matx podcastak. Iazko denboraldiak izandako harrera ikusirik, bigarren bat egitea erabaki dute. Eta oraingo honetan ere, Basque Team fundazioarekin elkarlanean ekoiztutako saioa izango da. Kirol minoritarioetan gorenean dauden euskal kirolariak izango dira gonbidatuak eta Nahia Zudaire igerilari zubietarra izango da aurtengo lehen protagonista.

Ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, kirolarien beste aldea ezagutzeko helburua izango du saioak. Berriketaldiaz gain, galdera intimoak edo jolas dibertigarriak ere proposatuko dira. "Ohiko kirol elkarrizketak alde batetara utzi eta kirolariekin ondo pasatzea nahi dugu. Kirol entretenimenduzko saio bat da gurea" adierazi du saioko aurkezle Aratz Losadak.

Sei kapitulu

Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu eta hileko azken igandetan estreinatuko dira. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan elkarrizketa berri bat entzuteko edo ikusteko aukera izango dugu.

Kapitulu guztiak www.matx.eus sare sozialean egongo dira inon baino lehen. Era berean, Basque Team-en plataforma digitalek, Matx-enek eta Tokikom taldeko hainbat toki komunikabidek ere eskainiko dute saioa euren webguneetan, telebistetan eta irratietan. Goiena Komunikazio Taldea Matx proiektuko kide denez, igandeko saioaren aurrerapena eskaintzen dizu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak