Izen-ematea ekainaren 15era arte egongo da zabalik, eta eremu agroekologikoan espezializatu nahi duen ororentzat izango da. Gehienez hogei lagunek parte hartu ahal izango dute eta gutxienez hamar beharko dira ikastaroa martxan jartzeko. Tokixanen ikastaroaren diseinuan parte hartu dute Biolurrek, Ekintzakoopek, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Horrez gain, sektoreko adituek, erakundeek eta proiektuek formatzaile lanak egingo dituzte.
Bi atal izango ditu ikastaroak
Ikastaroa bi zatitan banatuko dute. Lehenengoa hastapen edo sarrera atala izango da, elikadura-burujabetza, agroekologia eta ekonomia sozial eraldatzailea lantzeko. Azaroko lehenengo martitzenean hasiko da, eta azaroan bertan egingo dituzte saioak, Bergaran, martitzen eta eguen arratsaldeetan, 15:00etatik 19:30era.
Bigarren zatia teoriko-praktikoa izango da. Oinarri teorikoak Oñatin landuko dituzte: urtarriletik martxora martitzen eta eguen goizetan eta martxotik
ekainera egubakoitzetan, 09:00etatik 13:30era. Praktikak, berriz, martxotik aurrera egingo dituzte, astelehenetik eguenera, eskualdeko baserrietan. Gaitegian, besteak beste, baratzezaintza agroekologikoa, lurzoruaren kudeaketa, biodibertsitatea, nekazaritza birsortzailea, hazien ugalketa, kooperatibismoa, marketin komunitarioa, bideragarritasun ekonomikoa eta arautegia landuko dituzte. Ikastaro osoa egin nahi dutenek 150 euro ordaindu beharko dituzte; hastapen ikastaroa bakarrik egin nahi dutenek, berriz, 50 euro.
Instalazio-prozesuan laguntza
Tokixan egitasmoko koordinatzaile Mikel Roman Larrabek azaldu duenez, "helburu nagusia da etorkizunean nekazaritzan ekoizle izan nahi duen edozein pertsonari bidea errazteko ikastaroa izatea". Haren esanetan, Debagoienean bereziki nabarmena da nekazaritza profesionalen beherakada: "Barazki-ekoizle oso gutxi daude. Beharrari erantzuteko egiten da ahalegina; batez ere, barazki-ekoizpenean".
Ikastaroak bi arlo uztartuko ditu: "Bata agronomoagoa izango da, ekoizpenari lotutakoa; bestea, ekonomikoagoa, enpresa edo proiektu bat sortzeari begira". Eredu agroekologikoa eta ekonomia sozial eraldatzailea izango dira oinarrian. Romanek nabarmendu du ikastaroa ez dela formakuntza eskaintza bat soilik izango: "Jarraipena egingo zaio parte-hartzaileari; instalatzeko pausoa ematen lagunduko dugu".
Jarraipena eta baliabideak
Nekazaritzan instalatzeko oinarrizko ikastaroaz gain, Tokixan-ek jarraipena, bidelaguntza, test-gunea eta bestelako baliabideak ere eskainiko ditu. Egitasmoaren helburuen artean dago ekoizleen arteko elkarlana sustatzea eta baliabideak partekatzea. Izen-ematea internet bidez egin beharko da, Tokixan-en webgunean edo tokixan@tokixan.eus helbidera idatzita.