Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, bi errepide itxiko dituzte aste honetan. Lehena gaur gauean izango da, Arrasaten. Aldundiko ordezkariek azaldutakoaren arabera, AP-1eko Arrasateko irteera-adarrak, bi noranzkoetan itxita egongo dira 01:00etatik 05:00etara, gutxi gorabehera, zoladura konpontzeko lanak direla eta. Denbora horretan, AP-1 autobidetik Arrasatera doazen ibilgailuek Eskoriatzako 123 lotunea erabili beharko dute herrira GI-627 errepidetik iristeko.
Bihar gauean Bergaran
Bigarren itxiera Bergara hegoaldeko AP-636 eta AP-1 errepideen arteko lotunean egingo dute, dilatazio junta bat konpontzeko. Bihartik etzirako gauean izango da hau, 21:30etik 05:00etara, gutxi gorabehera. Honen eraginez, AP-636 errepidea 21.lotunetik ordainlekura arte itxita egongo da, AP-1a Eibarko noranzkoan hartu nahi duten erabiltzaileak GI-627tik Bergara iparraldeko lotunera desbideratzeko. AP-1a Gasteizko norabidean hartu nahi duten erabiltzaileek 21.lotunetik atera beharko dute, eta biribilgunean egongo den zaintzaileari Gasteizko norabiderantz doazela adierazi, ordainlekura sartzeko adarra hartu ahal izateko.