Goienagusi, ikasturteko helburuak beteta eta aurrera begira

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 25a

Goienagusik Kulturaten egindako batzar nagusiko irudia.

Dozenaka kide bildu dira gaur goizean Kulturaten egin den Goienagusiko batzar nagusian. Ikasturteko balorazio positiboa egin dute, parte-hartzea eta jardueren kopurua gorantz doazela azpimarratuz.

Goizeko hamarretan dozenaka Goienagusi elkarteko kide elkartu dira Kultuarteko areto nagusian ohiko batzar nagusia aurrera eramateko. Bertan, Mikel Tatiegi lehendakariak adierazi du, pozik daudela aurtengo ikasturtean aurretik finkatutako helburuak lortu dituztelako.  Nabarmendu du ekintza guztietan parte-hartzea gorantz doala, eta hori elkartearen jardunaren sendotasunaren erakusgarri dela.

Aurten lan-talde bakoitzeko ordezkari batek bere arloko ekintzen eta balorazioen berri eman du, horrela, batzarra parte-hartzaileagoa eta dinamikoagoa bihurtu da.

Aldaketa nagusiak

Aurrera begira aplikatuko duten aldaketa nagusietako bat izen-emate sistemarekin lotuta dago. Orain arte, jardueretan parte hartzeko izena emateko ordena hartzen zuten kontuan; hemendik aurrera, ordea, plaza kopurua gainditzen denean zozketa bidez erabakiko dute nortzuk parte hartu ahal izango duten. Bestalde, kanpoko informazioa jasotzeko eta komunikazio kanal nagusiak ez saturatzeko, Goienagusi Leiho Irekia izeneko kanal berria sortu dutela jakinarazi dute.

Helburuak beteta

Goienagusiren ekintza indartsuena hitzaldiak direla argi utzi dute. Horren harira, ikasturte hasieran helburu moduan ezarri zuten hizlarien maila ona mantentzea, eta zuzendaritzaren arabera, lortu dute. Astero, gutxi gorabehera 200 lagun hurbiltzen dira hitzaldietara, Tatiegiren esanetan, "gauzak ondo egiten ari direnaren seinale". Era berean, hitzaldien gutxienez %60 euskaraz izateko helburua ere bete dutela adierazi dute.

Gaurko batzarra kantu ikastaroan parte hartu duten kideen emanaldi txiki batekin amaitu dute. Ondoren, bertaratutakoek klaustroan kafe baten bueltan solasteko tartea izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak