Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek "udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko" akordioa aurkeztu dute

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 25a

Finantziazio-sistema berriaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Jauzia gara estrategiaren baitan kokatzen da akordioa eta abian jarriko da 2026-2027 ikasturtean. Finantziazio-sistema berrirekin diru gehiago bideratuko da udal euskaltegietara, eta, hasiera batean, lau urtez egongo da indarrean. Udal euskaltegien finantziazio-sistema eguneratzea, egonkortasuna indartzea eta udalei plangintza egiteko gaitasun handiagoa ematea izango da helburua. 

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko finantziazio-sistema berria aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Euskararen erabilera soziala bultzatzea helburu duen Jauzia gara proiektuaren bueltan egin da akordioa, hain zuzen, udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzeko, kudeaketa administratiboa errazteko eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzeko.

Eredua eguneratu

Aurkezpenean adierazi dutenez, "euskaltegien finantziazioari egonkortasuna" eta "epe luzerako ikuspegia" emango dion akordioa izango da, eta orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du "kudeaketa administratiboa sinplifikatuta eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna" indartuta.

Besteak beste, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak hartu dute hitza, eta Bengoetxeak azpimarratu du akordioa "ez dela neurri isolatu bat", eta Eusko Jaurlaritzak Jauzia Gara estrategiaren barruan dagoen "helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela". Apraizek, aldiz, akordioak "hizkuntza eskubideak, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna" indartzen dituela adierazi du, eta "funtsezko urrats bat" egin dutela gaineratu du. 

Finantziazio handiagoa

Hori horrela, akordioak Udal euskaltegien finantziazio sistema berria ezarriko du 2026-2027 ikasturtetik aurrera. Eusko Jaurlaritzak udal euskaltegietara bideratutako finantziazioa %7 igoko du: hain zuzen, 14,1 milioi euroetatik 15,1 milioi euroetara.

Adierazi dutenez, akordioak zenbait ekimen abian jartzea aurreikusi dute "bi erakundeen arteko koordinazioa indartzeko". Esaterako, "matrikulazio-kanpaina bateratuak" egitea eta "HABEren eta EUDELen arteko "jarraipen-batzorde bat" sortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak