Ikastola Lagunak taldeak topaketa egin du Arrasaten, komunitatearen partaidetza ardatz hartuta

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 25a

Ikastolen Lagunak taldearen aurkezpen ekitaldia Kulturaten. (Argazkia: Ikastolen Lagunak)

Joan den zapatuan, maiatzaren 23an, egin zuen I. Ekintza Soziala Ikastola Mugimenduak. Arrasateko Kulturateko areto nagusian elkartu ziren Euskal Herriko 100 bat Ikastola Lagunak diren kideak eta gertukoak eta "ekitaldi arrakastatsua" izan zen.

"Une hunkigarriak" bizi izan zituzten aurreskua dantzatuta eta bertsoak abestuta: "Euskal kulturan gure identitateari lotuta eta komunitatearen kohesioaren eta topagune adierazpen diren aurreskua eta bertsoek ekitaldiari hasera eta bukaera eman zizkioten". Ikastoletako ikasle ohiak izan ziren bien protagonistak. 

Ekitaldiari hasiera eman zioten Ikastola Lagunak Taldeko Naroa Anabitarte (Hernaniko Aratz Ikastolakoa) eta Manu Aurrekoetxea (Talde Eragilekoa) ordezkarien hitzekin. Eta ondoren, Ikastolen Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak jardun zuen Ikastola Lagunak taldearen helburuaz eta beharraz.

Ekitaldi nagusia komunitatearen bueltan egin zuten, Gaur eta biharko Partaidetza Soziala izenburupean: "Ikastola ereduaren ezaugarrietako bat da komunitatearen partaidetza eta Ikastola Lagunak mugimenduak partaidetza horren adierazpen denez, gaur eta biharko Partaidetza Soziala izan zen mahai-inguruaren gaia". Horren bueltan jarduteko "erreferentziazko hiru aditu" egon ziren: Iñigo Iñurrategi, Unai del Burgo eta Itzea Urkizu. "Hausnarketarako ideia ugari eskaini zizkiguten, zalantzarik gabe gure Taldean bilatzen ari garen partaidetzarako formulazioan baliagarri izango zaizkigunak".



Elkartasunerako deia eginez bukatu zuten ekitaldia: "Bik batek baino eta lauk hiruk baino gehiago lortuko dugula gogoratuz".  Arrasateko Udalaren jabegokoa den frantziskotarren komentu zaharreko Klaustroan elkartu ziren ondoren, Ausolanek prestatutako mokadutxoa jateko eta "goizean gozatutakoaz hitz egiteko eta poztasunez elkar agurtzeko".

Sei urtetako ibilbidea

Ikastolen Lagunak egitasmoa sortzeko lehen urratsak 2019ko udazkenean eman zituzten. Baina COVID-a dela-eta, 2020ko urriaren 8an onartu zela taldea sortzea.

Ikastoletan eta Ikastolen Elkartean iraganean, guraso, langile, bazkide kolaboratzaile eta ikasle moduan aktiboki parte hartu duten eta ikastola eredua partekatzen duten pertsonek osatzen dute mugimendua: "Baina ohi izatea baino nahiago dugu harreman bizi baten parte izan. Horrexegatik sortu dugu Ikastola Lagunak, Ikastolarekiko dugun maitasun hori, oroimen gozo bat baino gehiago izanik , modu antolatuago batean parte hartzeko eta, baita ere, gure herrian bizirik dagoen herri-ekimen esanguratsuenetako bati, Ikastolei, sostengua eta indarra ematen jarraitzeko".

Eta hezkuntza komunitatetik haratago doan mugimendua izatea da helburua: "Ikastola Lagunak sortuz, hezkuntza komunitatetik haratago, parte hartzearen printzipioa zabaldu, komunitate irekia gauzatu eta proiektatu nahi da Euskal gizartearen zati handi bat mugimenduaren partaide izan dadin bidea zabalduz. Taldearen xedea da Ikastola eredua ezagutuz eta ezagutzera emanez, etengabe gozatu, barneratu, zabaldu, garatzen lagundu, partekatu, iritzia eman eta elkarrekin hausnartu eta, bere kasuan, ekarpena egiteko eta aberasteko egitekoak izango ditu, batez ere, ikastola ereduaren ezaugarri historiko eta dimentsio sozialean sakonduz. Horretarako sortu gara".

Euskal Herriko hamasei ikastoletan dagoeneko eratu direla Ikastola Lagunak taldeak adierazi dute eta beste
bospaseitan ere sortzeko interesa agertu dutela: "Herri ekimenez Euskal Herrian eta Euskal Herrirako, iraungitze datarik gabe, sortutako eskola propioa gara; ez gehiago, ez gutxiago. Herri izaeran soluzioaren parte sentitzen gara; ez traba, ez arazo. Lana eta elkarlana da gure bidea, beti ere Ikastola eredua defendatuz eta indartuz".

Eta gaineratu dute: "Bidea ez da erreza izan eta ez da erreza izango. Bultza egitea tokatzen zaigu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak