Istripua N636 errepideko 34. puntu kilometrikoan gertatu da, Kanpanzarren (Arrasate), Beasaingo noranzkoan. Bi autok aurrez aurre jo dute. Abisua jaso bezain pronto bertaratu dira Ertzaintza zein larrialdietako osasun zerbitzuak, eta zauritutako pertsona helikopteroz ebakuatu dute Gurutzetako Ospitalera; zauritu bakarra izan da, Ertzaintzak jakinarazi duenez, baina bere egoera "larria" da, ustez.
Errepidea itxita
Istripuak zirkulazio mozketa eta auto-pilaketak eragin ditu denbora tarte luzean; 15:15ean bi kilometrora arteko ilarak sortu dira puntu horretan. Arratsaldeko ia bostak ziren errepidea noranzko bietan zabaldu dutenerako, behin garabiek autoak erretiratu –lehen talkan inplikatutako biak– eta garbiketa lanak amaitu ostean; zertxobait lehenago, 16:30 inguruan, ireki dute noranzkoetako bat.